"Estatuak oraindik ez du Gladys biktimatzat onartu"

Jon Miranda Labaien 2020ko ots. 7a, 08:59

Anoetako auditorioan, gaur, 18:30ean ikusi ahal izango da 'Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa' dokumentala; Tolosan martxoan eta Villabonan apirilean ere eskainiko dute. Bertha Gaztelumendik zuzendu du filma.

40 urte bete ziren iaz Gladys del Estal hil zutela Tuteran. Militante antinuklearraren bizitza eta Euskal Herriko zentral nuklearrak geldiarazi zituen borroka kontatzen dituen dokumentala osatu dute Sabino Ormazabal gidoilariak eta Bertha Gaztelumendi (Irun, 1962) zuzendariak. Filmean protagonista diren herri mugimenduetako kide izan ziren biak ala biak.

Mugimendu antinuklearraren parte izan zineten, baina ez duzue nostalgiatik aritu nahi izan.

Ez, ezta gutxiago ere. Guk kontatu gabe zegoen zerbait kontatu nahi genuen, gure ustetan gaiak bere pisua duelako. Ez bakarrik Gladys del Estal hil zutelako, eta hori bada nahikoa arrazoi dokumental bat egiteko, baizik eta mugimendu oso aberats bat egon zelako Euskal Herrian, mila ertzetatik aztertu daitekeena. Gertatu zena ez dute gaur egungo belaunaldiek ezagutzen eta guk pelikula honekin transmisio lana egin nahi izan dugu.

Nola lortu zen 70eko hamarkadan hainbeste eragile batu eta horren mugimendu anitza osatzea?

Nik uste dut lurraren defentsa oso gauza inportantea dela. Norberak bere bizitokia arriskuan ikusten duenean, bere bizia ikusten du arriskuan, azken finean. Horrek jendearen kontzientziak mugitzen ditu. Garai hartan Hiroshima eta Nagasakirekin lotzen ziren zentral nuklearrak eta hura nolako hondamendia izan zen ikusita beldurtuta zegoen jendea. Euskal Herrian, kilometro gutxitan hainbeste zentral nuklear jarri nahi izatea mehatxu bezala bizi genuen. Alarma guztiak piztu ziren.

Lau hamarkada beranduago, zentral bakar bat ere ez dago martxan.

Lau zentral nuklear eraiki nahi izan zituzten Euskal Herriko lurretan. Baina gogoratu behar dugu, Baionatik 50 kilometrora beste bat bazegoela eta gero Burgoseko Garoña ere Gasteiztik oso gertu dagoela. Edo ez ziren eraiki edo eraiki zirenak geldirik daude. Hala ere, Garoñan oraindik hondakinak daude eta ez dakigu zer gertatuko den horiekin. Ez dago erantzunik.

Garai hartako herri mugimenduaren indarra erakusten du dokumentalak. Indar hori apalduta dagoela uste duzu?

Zaila da esaten. Oso egoera diferenteak alderatzea ez da erraza. Tresnak ere ezberdinak dira, sare sozialak ez ziren existitzen eta lehen kalea zen guretzako informazio iturri nagusia. Hala ere uste dut gaur egun badaudela mugimendu indartsuak eta modu batera jartzen dituztela alternatibak mahai gainean.

Gaurkotasunezko gaia ere bada ekologismoa.

Bai. Mugimendu antinuklearrak giltza asko ematen ditu. Protesta egiteko moduak berritzaileak izan ziren, sormen handikoak. Mugimendu asanblearioak ziren eta ez zegoen hierarkiarik. Ikasketa asko dago hor eta orainera ekartzen badugu badago zer pentsatua. Denborak aldatu dira eta egiteko moduak ere bai, baina iraganak badu beti zer erakutsia.

Borroka antinuklearrak albo kalteak utzi zituen. Horietako bat Gladys del Estalen erailketa.

Zaila izan da eta guretzat erronka bat gauzak bere tokian jartzea, hariak ez nahastea, ez guk bakarrik gainerakoek ere kontatu nahi genuena ulertzea eta kontakizunean ordena bat mantentzea. Gladysek zentralitatea du dokumentalean eta bide batez baliatu nahi izan dugu aldarrikatzeko, estatuak oraindik ez duela biktimatzat onartu. Borroka horretan, hala ere, beste hildako batzuk ere izan ziren eta haiek ere gogoan hartu ditugu.

Zein beste testigantza jaso duzue dokumentalean?

33 pertsona elkarrizketatu ditugu eta garaiko irudiak ere jaso ditugu. Orduan ez zegoen gaur dagoen irudiaren monopolioa, eta gainera, arriskutsua ere izan zitekeen argazkiak edukitzea edo horietan ateratzea, horrekin mobilizazioetan parte hartzen ari zinela jakin zezaketelako. Hala ere, super 8 batzuk baditugu, altxor txiki batzuk, eta testigantzekin batera osatu dugu filma.

Denbora luzea behar izan duzue lan hau osatzeko?

Aspaldi hasi ginen, duela hiru bat urte. Azkeneko urtebete honetan buru belarri aritu gara, ordea. Lan saio luzeak izan dira eta esfortzua suposatu du.

Azaroan Zinebin estreinatu zenuten ikus-entzunezkoa, Donostian eman zenuten gero. Zein ibilbide egingo du hemendik aurrera?

Hemendik aurrera herriz herri eskaini nahi genuke, eta bide batez, eztabaida sustatu herritarren artean. Sabino edo ni, edota biak elkarrekin, gerturatzeko asmoa dugu, antolatzaileek horrela eskatzen badigute. Ahalik eta hedapen handiena eman nahi diogu lanari.

Estreinatu berritan, ikus-entzunezkoen atalean Argia saria jaso duzue. Pozik?

Bai, oso-oso pozik gaude. Ilusio handia egin digu saria jasotzeak. Lantalde osoak eskertu du errekonozimendua. Oso kontentu gaude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!