"Otsoa aliatu bezala ikusten ikasi behar dute abeltzainek"

Jon Miranda Labaien 2020ko urt. 15a, 19:59

Anoetan etzi eskainiko duten 'Barbacana, la huella del lobo' izeneko filmaren zuzendaria da biologoa; Mikelasagasti auditorioan 18:30etik aurrera ikusi ahal izango da pelikula.

Acaju Comunicacion Ambiental izeneko ekoizpen etxea sortu zuen 2009an Arturo Menorrek (Talavera de la Reina, Espainia, 1970) eta orduz geroztik 20 film labur baino gehiago egin ditu eta bi pelikula luze. Otsoen arrastoari segika osatu zuen azkena, 2018 urtearen amaieran.

Non du abiapuntua 'Barbacana, la huella del lobo' pelikulak?

Abeltzainen eta otsoen arteko gatazkaren berri izan nuen hedabideetan. Pentsatu nuen gatazka guztiek badutela bere konponbidea eta konponbide hori abeltzainek izango dutela eskutan, haiek direlako otsoaren presentziaren kaltea pairatzen dutenak. Haiengana jo nuen eta deskubritu nuen ez zegoela egiazko gatazkarik. Hedabideetatik irudi bat iristen zaigu esanaz otsoen erasoak egoten direla baina oso gauza puntuala dira. Abeltzainei galdetu nien ea nola egiten duten bere ganadua otsoaren erasotik babesteko eta hori kontatu nahi izan dut pelikulan, beste abeltzainek ere neurri horiek kontuan har ditzaten.

Zeintzuk dira neurri horiek?

Oso sinpleak dira. Ganadua gauean erretiratzea da horietan lehena; Bigarrena, egun argiz artzain batek ganadua zaintzea; eta hirugarrena, eta garrantzitsuena, artzain txakurrak erabiltzea. Txakur hauek trebatuta eta erakutsita daude otsoari aurre egiteko, mendeetan genetikoki horretarako prestatu dituztelako. Hiru neurri horiekin abeltzain gehienek ez dute arazorik izaten. Pelikulan beren testigantza ematen dute eta denek azpimarratzen dute haientzat otsoa ez dela problema. Uneren batean nekeza izan daiteke neurri batzuk hartzera behartzen zaituelako, baina abeltzaintzak otsoa baino arazo larriagoak ditu gaur egun.

Otsoaren bizitza bertatik bertara ikusteko aukera dago film honetan?

Bai. Banuen gogoa otso talde baten egunerokoa islatzeko. Batez ere, otso basatiak filmatu nahi nituen baina zaila gertatzen da horiek harrapatzea.

Non grabatutako irudiak dira pelikulakoak?

Nagusiki Sierra Morena eta Leonen jasotako irudiak dira eta baten bat bada Galizian grabatutakoa. Hala ere, otso basatiei ateratako irudi guztiak Leonen grabatu genituen, Babia y Luna izeneko natur parkean eta Riañoko mendietan.

Zein da otsoaren egoera gaur egun iberiar penintsulan?

Espainiako estatuan bi errolda egin dira historia osoan, 1986-1988 eta 2012-2014 biurtekoetan. Epealdi hauetako bakoitzean, estatuan 300 talde zenbatu dira. Aldi batetik bestera ez da beherakadarik izan eta hori arrakastatzat jo dezakete batzuk, baina nik kontrakoa esango nuke. Erreprodukzio maila mantenduko balitz, lehenengo neurketatik bigarrenera, 36.000 otso gehiago egon beharko lukete. Eta ez daude, desagerrarazi egin direlako. Otso asko akabatzen ari dira, bai legalki eta baita legez kanpo ere. Kalkulatzen dute, urtero, otsoen populazio osoaren %20 inguru hiltzen dituztela. Hiltzen diren otso gehienak, gainera, gazteak dira eta haiek dituzten geneak ere galdu egiten dira, ez dizkiete hurrengo belaunaldiei transmititzen. Gaur egun otsoa kudeatzeko sistemak higadura genetikoa dakar eta endogamia handitu du otsoen artean. Erreprodukzio eta gaixotasunak ugaritu egin dira, patrimonio genetiko hori betirako galduz eta epe luzera espezie hau desagertzeko arriskuan jarriz.

Eta Euskal Herrian?

Datu eskasak daude. Badirudi Arabatik sartzen ari dela otsoa baina ezer zehatzik ez dakigu. Isileko ehiztariak ba omen dabiltza otsoen atzetik eta horrek eragotzi dezake Euskal Herrian, berriro ere, otsoaren presentzia egotea.

Zeinentzat da gomendagarria?

Natura gustuko dutenei gomendatzen diet eta baita otso-zale direnei ere. Baina batez ere, abeltzainentzat da interesgarria, otsoa aliatu bezala ikusten ikas dezaten. Otsoa da belarjale basatien aurka egiten laguntzen dien animalia eta inguruneak txukun mantentzen laguntzen duena. Ingurune naturalean gaixotasunak zabaltzea ekiditen du, tuberkulosia edo txerri-izurri afrikarra adibidez; Europan azken gaitz hori zabaltzen aritzen diren basurdeak kontrolatzen dituen animalia bakarra da otsoa. Abeltzainek ez dute otsoa etsai bezala ikusi behar eta euren mesederako nola erabili dezaketen aztertu behar dute. Abeltzainek eta abeltzainentzat egindako pelikula bat da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!