"Gaztelekua denek batera sortutakoa izatea gustatuko litzaidake"

Jon Miranda Labaien 2020ko urt. 14a, 11:59

Anoetan 10 eta 16 urte artekoentzat espazioa izango da gaztelekua; Asteotan nerabeekin beraiekin bilduko da teknikaria, proiektu honek izan behar dituen balore, printzipio eta helburuak adosteko.

Herriko gazteak enplegatzeko ateratako deialdi bat baliatu du Anoetako Udalak, eta honenbestez, urtebetez ariko da Iratxe Olano (Anoeta, 1997) gazteria suspertzaile bezala lanean. Gazteriaren ardura izango du udalean eta etorkizunean gaztelekuan hezitzaile bezala ariko da. Gipuzkoako haur, nerabe eta gazteen sustapenerako Gaztematika zerbitzuaren aholkularitza ari da jasotzen.

Noiz hasi zara lanean gazteria sustatzaile bezala Anoetan?

Azaroaren 25ean hasi nintzen suspertzaile bezala. Anoetako gazte teknikaria naiz, baina etorkizunean gaztelekuan hezitzaile bezala ere ibiliko naiz.

Herri gaztea al da Anoeta?

Bai, gazte dezente dago. Kontuan hartu behar da Irurako ikastolan aritu ondoren, DBH egitera Anoetako Herri Ikastolara etortzen direla irurarrak. Gazteria indartsu dago herrian.

Haur txokoan ere eragin nahi duzu?

Lokala ikastolarena da baina Osintzulo izeneko guraso elkarteak erabiltzen du. Gaur egun lau familia daude elkartean eta ikasturte osoan aukera dute lokala erabiltzeko, kuota bat ordainduta. Teknikari gisa badut asmoa gurasoen interesak zeintzuk diren aztertzeko eta ahal bada ekintzak antolatu nahi nituzke bertan, edo gurasoak bultzatu eurek antolatu ditzaten. Udaletik horretan lagunduko diegu.

Gazteria guztiaren ardura izango duzu. Gaur egun zein azpiegitura dituzte gazteek herrian?

Anoetan txikientzako, 0 eta 5 urte bitartekoentzat, haur txokoa dago. DBHko laugarren mailatik gorakoak gaztetxera jotzen dute eta tartekoentzat, 10 eta 16 urte artekoentzat jarri nahi dugu martxan zerbitzu berria, gaztelekua.

Ez da orain oraingoa Anoetan gazteleku bat sortzeko asmoa?

Hori erabakitzeko prozesua duela urte batzuk abiatu zen. Herriko gazte batzuk ikerketa bat egin zuten nerabeen beharren inguruan eta han azaldu zen bilgune baten beharra zutela gazteek. Nik Tolosaldean dauden gaztelekuak ikertu ditut azkeneko aste hauetan eta Ibarra, Zizurkil eta Alegian izan naiz, orain arte. Horrekin batera, garrantzitsua iruditzen zitzaidan ikastolarekin zuzeneko harremana edukitzea etorkizuneko gaztelekuko erabiltzaileak bertan ibiltzen direlako.

Nik nahiko nuke gaztelekua udalak nerabeen eskura jarri duen espazioa izatea, nerabeek beraiek euren erara antolatu eta moldatuko dutena, beti ere, bertan ariko den hezitzailearen laguntzaz. Denek batera sortutakoa izatea gustatuko litzaidake. Udalak nerabeek erabiltzeko zerbitzu bat jarriko du martxan baina ez da egoteko toki soil bat izango. Espazioa bera tresna bat izango da gazteria dinamizatzeko.

Non egongo da kokatuta?

Iturburu kaleko babes ofizialeko etxebizitzen etxabean dauden lokaletako batean egongo da gaztelekua. Liburutegia, KZ Gunea, ikasteko gela eta balio anitzeko gelaren aldamenean dago kokatuta. Kulturgune moduko batean integratuta egongo da.

Nahikoa toki badagoela uste duzu?

Ba, bi espazio ezberdindu daude. Badu gela bat bestea baino txikixeagoa dena, eta hasiera batean, gela handiago horretan zentratuko ginateke. Txikia irekita egongo da eta behar denetan erabiliko genuke, baina oraingoz ekipamendu guztia espazio handiago horretara bideratuko dugu. Kanpo espazio bat ere badugu gaztelekuaren atzealdean, belaze moduko bat da eta aukera bat bezala ikusten dugu. Hala ere, dena zabalik dago. Gustatuko litzaiguke nerabeek beraiek lidergoa hartzea eta haiek udalean proposatzea zein proiektu garatu nahi dituzten.

Izan al duzu lehenengo harremana nerabe horiekin?

Bai. Ikastolaren bitartez galdetegi bat luzatu nien 10 eta 16 urte arteko nerabeei. Izan ere, printzipioz, LHko 5. mailatik DBHko 4. mailara bitartekoei eskainiko zaie zerbitzua. Gero ikusiko da gazteagoei zabaltzeko aukera ote dagoen. Antolamenduaz, ordutegiaz eta herri mailan antolatu daitezkeen ekintzez galdetu nien inkesta horretan.

Eskaera asko luzatu dituzte gazteek?

Gehienbat sofa, mahai futbola, ping-pong eta horrelako jokoak eskatzen dituzte. Nik esaten diet eskatzea libre dela, baina aldi berean guztiok argi eduki behar dugula gaztelekua printzipio eta balore batzuetan oinarritzen dela. Beraz, uneoro kontuan hartu beharko dugu ekipamendua edo antolatzen ditugun ekintzak balio horietara egokitzen ote diren edo ez. Erabaki horiek erabiltzaile izango diren nerabeek hartu beharko dituzte eta gu saiatuko gara haien sormena bultzatzen. Adibidez, sofak eskatzen badituzte, zergatik ez nerabeak bultzatu egur taulak, zerra, iltzeak hartu eta sofak egitera?

Sormena bultzatzea, alde batetik, baina hezitzaile gisa zein beste balore bultzatuko dituzu?

Gazteak, adin horretan dagoeneko kontziente dira egiten dutenaz eta edozein lekutan errespetatu beharreko arau minimoak zeintzuk diren jakin badakite. Nik ez nuke polizia lanetan ibili nahi. Alderantziz, hezitzaile bezala balore batzuk transmititu nahi nizkieke gazteei: errespetua, komunikazio egokia eta baita enpatia ere.

Horrekin batera azpimarratu nahi nuke zaintza, arlo askotatik begiratuta gainera: naturarena, ingurunearena, materialena eta pertsonena, tartean norberaren zaintza ahaztu gabe. Garrantzitsua iruditzen zait norberaren konfiantza eta autoestimua lantzea, ibili gabe beti besteen onespen bila. Egiten dutena eginda ere, ondo eginda dagoenaren ziurtasuna eduki dezatela gazteek, espazio seguru bezala bizi dezatela gaztelekua. Euren garapenerako funtsezkoa izango da hori.

Ondo pasatzeko tokia bat izango da gaztelekua?

Bai. Ondo pasatzeko tokia, eta aldi berean, heziketa toki bat izango da, ez formala, baina heziketa gune bat, azken batean. Gu beti abiatuko gara nerabeen interesetatik eta ez da arau finko eta sakraturik izango. Etengabe negoziatu eta aldatzen joango den espazio bat izango da.

Teknologia berriek, jokoek, Internetak... horrelakoek tokirik izango al dute gaztelekuan?

Wifi-a eskatu digute nerabeek. Berriro diot, eskatzea librea da, baina aurretik egin beharreko galdera da zertarako behar edo nahi duten nerabeek Interneta. Mugikorrari itsatsita egoteko? Denok pentsatu beharko genuke zein aisialdi mota nahi genukeen geure gazteentzako. Zertarako nahi dugu gaztelekua?

Nerabeekiko ikuspegi ezkorra izaten dugu, sarritan.

Egia da. Kontuan izan trantsizio garaia dela. Haur izatetik heldu izatera pasatzen da pertsona eta eraldaketa horretan nerabeak behar du erabakimena eta autonomia. Prozesu hori gazteek bakarrik egin behar dute, baina garrantzitsua da helduon laguntza jasotzea aro hori behar bezala bideratzeko.

Gurasoen laguntza ere bai, tartean...

Bai, hasiera batean gutun bat luzatuko diegu eta gaztelekuaren balore, printzipio eta helburuak jakinaraziko zaizkie. Gurasoek nola parte hartu dezaketen ere pentsatu beharko genuke, proiektu honetan haien presentzia bermatzea beharrezkoa ikusten baitugu. Gazte aktiboak sortzeaz ari gara hizketan, baina horretarako helduok izan behar dugu erreferente. Guraso aktiboak izatea ondo legoke, beraz. Ez du esan nahi gaztelekuan bueltaka ibili behar dutenik, baina presente egon beharko lukete, nolabait.

Adinaren arabera banatuko duzue gaztelekuaren erabilera?

Asteazkenetik ostiralera 17:00etatik 20:00etara eta larunbata eta igandetan 16:00etatik 20:00etara egongo da zabalik. Nerabeek ere ondo ikusi dute. Galdetu zaie, baita ere, adinaren arabera ordutegiak banatzea ondo ikusiko ote luketen. Baiezkoa erantzun dute eta proposatu dute ikasturteak binaka banatzea eta horren arabera antolatzea erabilera. Egunotan nerabeekin beraiekin bilduko naiz gaztelekuan bertan eta kontu horiek guztiak adostuko ditugu.

Noizko egongo da zabalik?

Ez dugu data zehatzik. Prozesu luzea da, eta berez, ez da inoiz amaituko, etorkizuneko aldaketetara egokitu beharko dugulako gaztelekua aurrerantzean ere. Espero dugu, hala ere, udaberrian espazioa inauguratu ahal izatea.

Eguberrietan egin dituzue ekitaldi batzuk, ezta?

Estanpazio tailer bat egin genuen LHko 5 eta 6. mailakoekin. Irurakoekin batera, LHko 6. mailatik DBHko 4. mailara bitartekoekin irteera bat egin genuen Iruñera. Iruran gaztelekua dago eta horrek lanketa berezia egitea eskatuko digu: paralelo joango da bi espazioen bidea eta elkarrekiko komunikazioak etenik gabea izan beharko du. Elkarri zapaldu gabe arituko gara behintzat, hori ziur.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!