"Aurreko emanalditik garapen handia sumatzen da"

Jon Miranda Labaien 2020ko urt. 10a, 11:59

Haatik konpainiak 'Errimak bi oinetan' dantza ikuskizuna eskainiko du gaur 22:00etan, eta etzi 18:00etan, Anoetako Mikelasagasti auditorioan. Herriko bi dantzariak ariko dira.

Herrian harrera ona egin diete beti Amaiur Luluagari (Anoeta, 1992) eta Anne Jauregiri (Anoeta, 1992), eta horretaz jakitun, Haatik konpainiaren ikuskizun berriaren bi emanaldi prestatu zituzten astebururako. Espero ez zutena zen sarrera guztiak istant batean agortzea. Hurrena, hilaren 24an izango dira Tolosako Leidor aretoan.

Urduriago jartzen al zarete herritarren aurrean aritzen zaretenean?

Amaiur Luluaga: Herriaren aurrean dantzatzeak ardura puntu bat dakar beti, baina gogoz gaude.

Anne Jauregi: Gaur eta etzi, jende ezaguna izango da ikusleen artean eta horrek eragiten du tentsio pixka bat. Baina beti da plazera herrian aritzea.

Orain arte zein ibilbide egin duzue 'Errimak bi oinetan' dantza ikuskizunarekin?

A.L.: Aurrestreinaldia egin genuen irailaren 21ean Urretxuko plazan eta gero estreinaldia, irailaren 27an Hondarribian egin genuen. Durangoko azokan bertsio laburtu bat eta Lizeaga sagardotegian emanaldi berezi bat ere eskaini ditugu. Orduz geroztik, areto batean emanaldi osoa eskainiko dugun lehen aldia izango da gaurkoa.

Haatik konpainiak aurretik ere 'Errimak oinetan' ikuskizuna eskaini zuen. Zergatik erabaki duzue berriro heltzea formatu honi?

A.L.: 2012an estreinatu zen emanaldi hori eta garai horretan sartu ginen gu konpainian. Bizpahiru urtetan emanaldi asko eskaini genituen, Tolosaldea eta Goierriko herri guztiak zeharkatu genituela esango nuke. Hainbeste urte pasa ondoren pentsatu genuen merezi zuela bertsoaren inguruko bigarren ikuskizun batek.

A.J.:Bigarren zati honek lehenengoak bezainbesteko arrakasta izan ote zezakeen zalantza genuen hasieran, baina orain arte ikusi dutenen aldetik oso iritzi onak jaso ditugu. Gustura geratu dira.

Zenbat dantzarik parte hartzen duzue oholtza gainean?

A.L.: Gu biokin batera beste hiruk: Iñigo Etxeberria ibartarrak, Irati Sorondo tolosarrak eta Jon Arsuaga billabonatarrak. Nahiz eta lesioagatik ez duen emanaldian parte hartuko Nagore Zabala ibartarrak ere hartu du parte emanaldiaren sortze prozesuan.

A.J.:Aipatu beharra dago bost dantzariokin batera Unai Elizasu gai-jartzailea ere izango dela oholtza gainean. Aiert Beobiderekin batera, bera izan da emanaldiaren zuzendaria eta bertsolariengana iristeko bidea zabaldu digu.

Emanaldian entzuten diren bertsoak aspaldikoak dira, edo propio ikuskizunerako prestatutakoak?

A.L.: Badira bertso batzuk antologikoak, aspalditik ezagunak direnak eta gero beste batzuk emanaldi honetarako sortutakoak. Besteak beste, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze, Uxue Alberdi eta Odei Barrosoren laguntza jaso dugu horretarako.

A.J.:Ikuskizunean haien bertsoak entzun ahal izango dira Igelaren Bandak sortutako musikarekin batera.

Irati eta biak animatu zarete kantura, Anne. Nolaz eman duzue urratsa?

A.J.:Ez gara gu bakarrik aritu. Maddalen Arzallus, Thierry Biscary eta Aitor Mendiluzek ere jarri dute ahotsa. Guretzako esperientzia berri bat izan da eta oso aberasgarria gainera. Guk abestutako bertsoekin dantzatzea hasieran arraroa egiten zitzaigun Irati eta biori, baina oso polita izan da.

Atrezzo eta jantziei dagokionez, zerbait berezia ikusiko dugu emanaldian?

A.L.: Sinplea da, baina badu bere garrantzia. Jantziak, berriz, aurreko okasioetan bezala Ramon Garziak egin dizkigu.

A.J.:Muntaia ikaragarri handia ez izateak laguntzen du ikuskizuna alde batetik bestera mugitzen.

A.L.: Emanaldi honek edozein lekurako balio du. Areto handietan, txikiagoetan edota kalean eskaintzeko modukoa da. Gaur egun dantzan dagoen egoera hori da: aretoetan dantzatzea geroz eta zailagoa da, beraz, kaleko ikuskizunek garrantzia handiagoa hartzen dute. Kalea da eszenatokia guretzat. Lau eme emanaldiarekin hasi ginen bide horretan eta izugarrizko arrakasta izan dugu.

Nola egiten duzue lan konpainian koreografiak prestatzeko?

A.L.: Ideia Aiert Beobidek zerabilkien buruan iaztik. Pentsatzen hasi ginen ea zer eskaini genezakeen lehenengo emanaldi hartatik ezberdina dena. Gaur egun bertsolaritza zein girotan dagoen kokatuta aztertzen hasi ginen eta hortik abiatuta, norberak beretik asko jarri du. Dantza ulertzeko ikuskera hori islatzen saiatu da gutako bakoitza. Aurrenekotik mantendu dira gauza batzuk, baina beste alde batzuetatik begiratuta, garapen handia sumatzen da oraingo honetan.

Ibilbide bat egina duzue Haatik konpainian. Eroso sentitzen zarete?

A.J.:Gu konpainian sartu gineneko gehienok jarraitzen dugu. Paregabeak izan dira bizipenak. Niri beste pertsona batzuekin dantzatzea, momentu honetan, esan dezagun, oso arraroa egingo litzaidakeela.

A.L.: Familia txiki bat gara, oso lagunak gara eta oso giro sanoa dugu. Elkarri asko laguntzen diogu. Dantzak modu berezi batean biltzen ditu pertsonak. Gauza asko pasa ditugu, onak eta txarrak. Oso pozik nago Haatik-en.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!