Eta istorioa bukatu bezain pronto, sentitu dut zu besarkatzeko gogoa, gaur egun zer moduz zauden jakiteko grina, Euskal Herriak nola hartu zaituen jakiteko jakin-mina. Azken urteetan sentitu ez dituzun babesa eta maitasuna jasotzen ari ote zaren jakiteko nahia.
Ez dakit zuetako denok ote dakizuen nortaz ari naizen; bai, Amets Arzallusen Miñan liburuko protagonista da Ibrahima. 25 urte ditu gaur egun, eta duela hiru urte irten zen Gineatik. Ez zuen Europara etortzeko asmorik, gustura bizi zen bertan, bere familiarengandik gertu; Miñan, anaia txikia, desagertu zela esan zion amak, ordea, eta bere pistari jarraituz abiatu zen Afrikako kontinentean gora. Bidean mota guztietako izugarrikeriak jasan zituen, imajinatzea eta irenstea ere zail direnak, eta gainera, eskerrak eman behar, beste milaka eta milaka pertsona bezala Mediterraneo itsasoan ito ez delako. A ze paradisua Europakoa!
Aitortu behar dut liburu hori irakurri nuenez geroztik, Ibrahimaren irudia datorkidala burura migratzaileak kalean ikusten ditudanean, beraiei buruzko hitzaldiak entzuten ditudanean, edo telebistan ontzien erreskateen zein hondoratzeen irudiak ikusten ditudanean. Eta pentsatzen dut horietako bakoitzak zein istorio gogorra izango duen bizkar gainean; zein izugarrikeria jasan ote duen hona etortzeko; zein min izango duen barrenean iltzatuta.
Horretaz kontziente izatea ez dela gutxi esango du baten batek; gero eta mezu arrazista eta faxista gehiago zabaltzen ari den une honetan, garrantzitsua dela migratzaileen aurkako diskurtsoei aurre egiteko argudioak izateak. Izan ere, EAEko biztanleen %52 soilik lan kontratua dutenei sartzen uztearen alde dago. Ez diot nik; Immigrazioaren Euskal Behatokiak aurkeztutako txosten batek baizik. %52k. Erdiak baino gehiagok.
Nola lortuko ote dute, ordea, lan kontratu bat lan egiteko baimenik gabe? Eta kontraturik gabe nola eskuratu lan egiteko baimena? Amaierarik ez duen zirkulu etsigarria, ankerra eta krudela. Baina, aizue, imajinatzen duzue gutako bakoitzak legeak ezartzen dituen oztopoei ez ikusiarena egin eta desobeditzea? Gure etxeetan migratzaile bat erroldatzea? Eta lan kontratu bat eskaintzea?
Luzatu diezaiogun lagunari eskua zurrunbilotik atera dadin eta ireki diezaiogun bila dabilen bizitzarako atea. Desobedientzia giza eskubideen obedientzia praktikan jartzeko. Zer du horrek baino balio handiagorik?