Larriki gaixo dauden presoen etxeratzea eskatu dute

Ataria 2019ko abenduaren 16a

Anoetan asteburu honetan egin dute elkarretaratzea herriz herri egiten ari diren biraren barruan.

Gaur egun 21 dira larriki gaixo diren euskal presoak. Preso hauek pairatzen duten gaitzari ezohikoa den espetxe politika baten baitan egin behar diote aurre Tolosaldeko Sarek esan duenez, "espetxeak berak osasunaren zaintzari dagokionean sortzen dituen zailtasunei, bestelako batzuk gehituz". Tartean, gaixotasunaren jarraipena egiteko konfiantzazko medikurik ez izatea edota lege arruntak jasotzen duen moduan gaixotasunaren larritasunaren aurrean etxean artatua izateko eskubidea ukatua izatea aipatu ditu Sarek.

Espetxeetako osasun baldintza kaxkarrak,  gaixotasunari aurre egiteko aukera murritzak eta behar bezalako osasun zerbitzu baten falta nabarmendu ditu presoen eskubideen aldeko sare herritarrak eta honenbestez salbuespen politika hau desagertzen ez den bitartean larri gaixo diren presoak, "heriotzara kondenatuak" izaten ari direla nabarmendu du. 

Salbuespeneko espetxe politika honekin amaitzeko aldarriarekin bat egitera deitu du Sarek, "espetxea ere gure gizartearen zati izanik, guztion ardura baita larriki gaixo diren presoek bizi duten muturreko egoera aldatzea".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!