Bentaldea industrialdean hirigintza lanak egingo ditu Anoetako Udalak

Jon Miranda Labaien 2019ko abe. 11a, 11:57

Industrialdeko lantegietako arduradunen iritzia entzun ondoren, lurzorua berritzeko lanei ekin die udalak eta argiteria egokituko du laster Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Anoetako Bentaldea industrialdean 20 enpresa inguruk dute egoitza gaur egun. Lantegi hauei babesa emateko eta ahal den neurrian laguntza emateko konpromisoa du udalak. Pello Estanga alkateak argitu duenez, bertatik pasatzen den bidegorria egiten ari zirela izan zuen udalak lehen hartu-emana enpresetako arduradunekin eta ordutik harremana mantendu dute. «Galdetegi bat pasa genien, herrian zer moduz sentitzen ziren jakin eta zein behar dituzten jakiteko».

Lurzorua berritzeko beharra azpimarratu zuten gehienek, eta honenbestez, lan horiei ekitea erabaki du udalak. Hasita daude obrak eta urtea amaitzerako asfaltatze lanak amaituta egongo direla aurreikusten du alkateak. 120.000 euro inguruko kostua dute lanek, baina kopuru horren erdia ordaintzeko laguntza jaso dute: «Industrialdeak berritzeko laguntzak ematen ditu Spri Enpresa garapenerako euskal agentziak eta deialdira aurkeztu ondoren baiezkoa eman digute. Bestela ere lurzorua berritzeko lanak egiteko asmoa genuen baina laguntza honi esker eramangarriagoa izango da udal altxortegiarentzat».

KONPROMISOA ENPRESEKIN

Enpresei egindako kontsultaren ondoren hartu du erabakia Anoetako Udalak, Estangaren hitzetan, «dauden enpresak egonkortzeko eta berriak erakartzeko asmotan, nahiz eta lokal gehienak okupatuta dauden». Alkatearentzat garrantzitsua da bertan kokatuta dauden lantegiak «zainduta» daudela sentitzea.

Gaur egun bidegorri aldera ematen duen led sistemako argiteria egokitu egingo dute eguberrien ondoren. Bentaldean kokatuta dauden enpresek egindako eskaera izan da hori ere, industrialde inguruan sortzen den iluntasuna konpontze aldera. Foru Aldundiak hartuko ditu lan horiek bere gain, gaur egun dauden argi posteak egokituz.

PLAKA FOTOVOLTAIKOAK KIROLDEGIAN

Klima larrialdia izendatuz mozioa onartu zuen urrian Anoetako Udalak. Hartutako konpromisoekin jarraituz, plaka fotovoltaikoak jarri dituzte kiroldegiko teilatuan. Bertatik sortutako energia kiroldegian eta ikastolan baliatuko dute. 22.000 euroko inbertsioa egin du udalak plakak jartzeko eta Energiaren Euskal Erakundeak 4.000 euroko laguntza eman du aurten, lanen zati bat estaltzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!