Udaberrian indar berritu zirenetik orain arteko bidean, neguak lokarrarazi baino lehen, uzta oparoa prestatzen aritu dira zuhaitzak. Beren itzaletan onddoak eta perretxikoak ernetu dira; hostoen erorketarekin batera, fruitu goxoek estali dute lurra. Afrikarako bidean indarrak berritzeko, pausaleku dute paseko hegaztiek. Basurdeek festa handia dute neguari aurre egin baino lehen. Orkatzek ere bazka ugari daukate... Basoei bizitza darie. Eta heriotza. Harrapakarietan harrapakarienak mendira jo baitu.
Fruitu bilketa eta arrantzarekin batera, ehiza da humanitatearen elikatze biderik zaharrena. la gaur egun arte giza talde askok iraun dute modu horretan. Ehizan oinarritutako ekonomia, definizioz, birrintzailea da. Dena dela, ehizan oinarritutako komunitatearen bizimoduaren eta naturaren arteko oreka gorde da mendeetan zehar. Suzko armak sortu zirenean hautsi zen oreka hori. Animalia espezie asko betiko galdu dira, eta beste batzuk desagertzeko zorian dira ehizarengatik. Gaur egun, Mendebaldean ez da ehizatik bizi den komunitaterik geratzen, leku hotz batzuetan izan ezik (larru fineko animalien ehiza Kanadan edo Siberiako oihanetan). Aisirako aktibitate handia da, ordea. Zenbat ehiza baimen eman ote dira aurten ere? Eta ehiztariek daukaten boterea? Ehiza garai «handitik» kanpo egindako «greba» batekin Gipuzkoako Aldundia makarrurarazi dute eta!
Baina mendian edo basoan zabiltzaten ehiztariok, arren, espezierik hiltzaileeneko kideak bagara ere, mendiaz eta basoaz besterik gabe gozatzera goazenok desarmaturik gabiltza, eta batzuetan gogoa eduki arren (garen espeziekoak gara), ez dizuegu ezer egingo (bereziki, desarmaturik gaudelako). Beraz, otoi, errespeta gaitzazue parean pasatzerakoan (badakit, zaila izan daiteke, garen espeziekoak garelako), eta, bide batez, errespeta itzazue egunak, orduak, tokiak, babesturiko espezieak, eta gainontzeko ia denak bezala (zaila da, garen espeziekoak gara eta), etxera itzultzerakoan aurkitu duzuen bezala utzi mendia edo basoa.