Anoetako tren pasabidea kentzeko proiektua idazteko lana esleitu du Adif-ek

Ataria 2019ko urriaren 22a

Pasabidea kentzeko aukerak aztertzeko proiektuak 80.414 euroko aurrekontua du. Madrid-Hendaia ohiko tren lineako 601/185 puntu kilometrikoan kokatuta dago pasabidea, Anoeta eta Villabona lotzen dituen bidean.

Adif-ek aditzera eman duenez, gaur egun tren pasabidea babestuta dago: hesiak ditu, seinale bertikalak jarrita daude eta soinu eta argi seinaleztapenak ditu. Autoak eta oinezkoak pasa ahal izateko azpiko pasabide bat diseinatu nahi da, ordea, gaur egungo tren pasabidea ezabatuz.

Proiektuak alternatiba ezberdinak aztertu beharko ditu, gero obra proiektuan jasota gera dadin. 12 hilabeteko epean burutu beharko da idazketa eta 80.414 euroko aurrekontua du lizitazioak.

Azpiegituraren kalitatea hobetze aldera, babes neurriak eta herritarren sentsibilizazioan sakondu nahi du Adif-ek eta segurtasuna hobetzeko borondateari erantzuten dio esleipenak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!