Kataluniako buruzagi independentistak berehala aske uzteko eskatu du Anoetako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2019ko urr. 21a, 09:32

Anoetako Udalak ez-ohiko osoko bilkura egin zuen ostiralean eta adierazpen instituzionala egin zuen, Espainiako Auzitegi Gorenak emandako epai larria gaitzetsiz; Ondoren elkarretaratzea antolatu zen Kataluniarekin elkartasunez

Ostiral goizean burututako ez ohiko osoko bilkuran, aho batez onartu zen honako adierazpen instituzionala:

  1. Anoetako Udalak ziurtatzen du demokraziaren adierazpen baketsua, indibiduala zein kolektiboa gauzatzea eta herriari hitza ematea ez dela delitua. Hori horrela, urriaren 1eko erreferenduma tresna demokratiko eta zilegizkoa izan zela, eta Kataluniak eta Euskal Herriak berezkoa dutela etorkizuna erabakitzeko eskubidea.

  2. Anoetako Udalak argi eta garbi adierazten du ezin direla justifikatu Espainiako Auzitegi Gorenak eta Estatuko botereek Kataluniako agintari eta gizarte eragileei bizkarreratutako auzia eta ezarritako zigorrak.

  3. Anoetako Udalak nabarmentzen du Kataluniako ‘Procés’-aren aurkako auziak eta epaiak Zuzenbide Estatuaren itxuragabetzea dakartela eta ezbaian jartzen dutela espainiar demokraziaren homologazioa nazioartean.

  4. Anoetako Udalak azpimarratzen du euskal herritarrei zuzenean eragiten digula Estatu espainiarraren erantzun bortitzak, izan ere, herrien borondatea era demokratiko eta baketsuz erabakitzea mozten du. Eta arazo politikoari tribunalen indarrez, 155. artikuluaren ezarpenez edo erabakitze eskubidearen alde egiten dutenei edonolako neurri bidegabeak ezarriz erantzuten dio, irtenbide elkarrizketatu eta negoziatua bilatu ordez eta herriari galdetu beharrean.

  5. Anoetako Udalak Estatuko botereei eskatzen die, espetxean dauden preso politikoak berehala aske utz ditzala eta, era berean, erbesteratu politikoen aurkako auzibideak bertan behera utz ditzala.

  6. Anoetako Udalak elkartasuna adierazten die Kataluniako preso eta erbesteratu politikoei nahiz haien etxekoei, hala nola, Kataluniako herriari eta erakundeei, eta Anoetako herritarrei dei egiten die bat egin dezaten herriari hitza ematearen aldeko ekimen baketsuekin, demokraziaren eta askatasunaren alde.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!