Zikoina bat hilda agertu da Anoetako Ergoien auzoan

Tolosaldeko Ataria 2019ko urr. 2a, 10:59

Eguzki talde ekologistaren ustez, istripu honek agerian uzten du goi-tentsioko kableek hegaztietan eragiten duten «triskantza».

Irailaren 20an 50 bat zikoinek osatutako taldea pasa zen Anoetatik eta Eguzki elkarteak uste du talde horretako kidea dela hilda agertu den alea. Hegoen arten bi metro baino gehiagoko neurria duen amiamokoa da. Talde ekologistak aipatu duenez, zikoina hilda agertu zen irailaren 21ean Anoetako Ergoien auzoan, «zantzu guztien arabera, goi-tentsioko kable instalazioen kontra talka egin ondoren».

Zikoina anilatuta zegoenez, Eguzkik jakin ahal izan du Frantzia iparraldean, Somme departamenduko kostaldean zuela jatorria eta 2005ean anilatutako arra zela. «Informazio hau fiskaltzaren esku jarri dugu eta hala irizten badugu salaketa ere jarriko dugu», esan du talde ekologistak.

Iturri ezberdinak aipatuz, Eguzkik esan du estatuan urtean 33.000 eta 337.000 hegazti artean hiltzen direla goi-tentsio kableen eraginez, haiekin talka eginda edo deskarga elektrikoak jasota. Sareen jabe diren enpresa elektrikoek, orain arte eta gai honen inguruan, ez dutela ezer egin salatu dute ekologistek: «Iberdrolak gaur egun hitzarmen bat sinatua du Eusko Jaurlaritzarekin, kable sareak egokitzen joateko, baina hitzarmen honen abiada zein den ikusita, 28 urte baino lehen ez da sarea aldatzea lortuko. Horregatik diogu hitzarmena berandu datorrela eta eskasa dela».

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako administrazio ezberdinei, gai honetan interes gehiago eta beharrezko bitartekoak jartzea eskatzen diete eta Iberdrolari aldiz, «diru gehiago jartzea gai hau onbideratzeko». Herritarrei ezagutzen dituzten kasuen berri ematea eskatzen diete, bai 112 zenbakira hots eginez edota nahiago badute, Eguzki talde ekologistara deituz, 688 66 25 32 telefono zenbakira. «Guk ezagutzen ditugun kasuak fiskaltzan ezagutzera emango ditugu eta jarraituko dugu egoera hau publikoki salatzen», aipatu du Eguzkik.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!