Udal Hauteskundeak 2019. Alkateei elkarrizketak

"Badugu ardura adinez nagusi direnekin"

Jon Miranda Labaien 2019ko ira. 26a, 19:58

EH Bilduko udal taldean, herrigintzan parte hartzen duen jendez inguratuta arituko da lau urteotan, «animo askorekin eta ilusioz».

Hirugarren agintaldia du Anoetako alkate bezala Pello Estanga Lasak (Tolosa, 1962). EH Bilduko udal taldean inguruan izango dituen kide guztiak berriak ditu eta haiekin batera “indarberrituta” ekingo die hurrengo lau urteei.

Lanari tamaina hartuta dagoeneko?

Bai. Gustura etortzen naiz lanera egunero. Hauteskunde aurretik, nire barruko eztabaida izan nuen, aurkeztu edo ez aurkeztu. Prest nengoen alkatetza uzteko baina baita ere jarraitzeko. EH Biduren oinarriaren esku utzi nuen erabakia eta gehiengo zabal batek esan zuen nik jarraitzea nahi zuela. Horrek aurkeztera animatu ninduen eta hementxe gaude.

Taldekide berriak dituzu ondoan, hala ere.

Aurretik zinegotzi izandakoek nirekin zortzi urte egin zituzten eta orain sartu diren guztiak berriak dira. Herrigintzan parte hartzen duen jendea da eta haiei ahotsa eman nahi diegu. Animo askorekin sartu dira eta ilusioz gaude.

Udalbatzako ordezkari politikoak bederatzi izatetik hamaika izatera pasa zarete agintaldi honetan. Zer eragin du horrek udal jardunean?

Beti ere lana banatzeko aukera gehiago izaten dira. Gure taldean bost ginen lehen eta orain sei gara. Bat gehiago izateak mesede egiten du.

Udalbatzaren tamaina hazi da, baina udaletxean neurri berean hazi dira baliabideak?

Teknikari kopurua ia berdin mantendu da. Lan jardunak luzatzen ari gara. Arkitekto laguntzailea erretiratu egingo da aurki eta kontratazio berria lanaldi osokoa izango da. Eta gizarte zerbitzuetako teknikariaren jarduna %60tik %80ra pasako da.

Zein harreman espero duzu oposizioarekin datozen lau urteetan?

Aurreko lau urteetan oposizioa desagertuta egon zen. Ez ziren azaltzen ez batzorde eta ezta batzarretara ere. Ez zuten ia ekarpenik egin. Orain sartu direnak espero dut lanerako prest egotea, ongi etorriak izango dira. Harremanak eraikitzaileak izatea nahi nuke, Anoeta hobe baten alde lana egiteko prest dauden neurrian.

Proiektu nagusiak aipatzen hasita, ia prest duzue Gazteleku berria. Noiz zabalduko duzue?

Obrak urriaren lehenengo astean bukatuko dira. Zerbitzu berri bat jarriko dugu martxan Gaztelekuarekin batera. Haur, nerabe eta gazteen parte hartzea sustatzeko zerbitzua izango da eta azpiegitura jartzeaz gain, pertsona bat kontratatuko dugu. Uda honetan, diru laguntzak atera dira gazteak enplegatzeko eta azaroaren 30a baino lehen dinamizatzaile bat hartuko dugu. Anoeta bertakoa izango da eta 30 urtetik beherakoa. Urtebeteko kontratua izango du eta aurrera begira ikusiko dugu lanpostua egonkortu edo ez. Baiezkoan gaude, baina dinamikak erakutsiko digu.

Zein lan izango du langile horrek?

Gazteriaren arduraduna izango da langile hori Anoetan. Berak koordinatuko du herriko eragileekin lana, ikastola eta bestelako elkarteekin. Udaleko beste teknikari bat gehiago izango da. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gaztematikak haur, nerabe eta gazteak hartzen ditu kontuan, 30 urte bitartean. Gaztelekua, haur eta nerabeentzat izango da Anoetan, 16 urtetik aurrera gazteak Gaztetxera jotzen baitute. Ondo funtzionatzen du gazte asanbladak herrian, indarra dauka eta eragile oso garrantzitsua da. Udalaren asmoa, haur eta nerabeekin lan egitea izango da.

Irurarekin lankidetza egiteko asmorik baduzue arlo honetan?

Bai. Alkateari jakinarazi nizkion gure asmoak. Irura eta Anoetako gazteak elkarrekin asko ibiltzen dira, Irurakoak parte aktibo bihurtzen dira herriko ekintza askotan. Koordinatuta egotea garrantzitsua dela iruditzen zait.

Erabilera anitzeko gela ere prest duzue, Gaztelekua izango denaren ondoan.

Bai. Herritarren gune deitu diogu. Oraingoz, udaletxetik kanpora egiten diren ikastaroak han eskainiko dira. Horrekin batera, herritarren gune bat izatea nahi genuke, herritarren eskaerak bertan bideratzeko.

Bi estalpe aurreikusten dituzue herrian. Noizko?

Ikastolan jarriko dugu bat. Atzeratu egin zaigu hori, baina pleguak prestatuta daude eta urtea amaitu baino lehen egin nahi genuke. Beste estalpea plazan egingo dugu. Parte hartze prozesua jarri genuen martxan, estalpea behar ote zen edo ez jakiteko, non joango zen zehazteko eta zein ezaugarri izango zituen erabakitzeko. Kontsentsura azkar iritsi ginen eta eliza eta frontoiaren arteko espazio horretan egingo da estalpea. Obra egin aurretik ordea, irisgarritasuna bermatzeko lanak egin behar ditugu plazan. Datorren urtean ez bada, 2021erako gauzatuta egotea espero dugu.

Etxebizitza beharra aztertzeko lan bat abiatu zenuten aurreko legealdian. Horrekin jarraitzeko asmoa duzue?

Etxebizitza hutsekin zer egin dezakegun jakin nahi genuen guk, errekargua izan arren, ez dituztelako etxe horiek merkaturatzen. Dunak elkarteak egin du azterketa, herritarren beharra zein den jakin eta Anoetako etxebizitzen egoera aztertuz. Elkarteak oraindik ez dizkio emaitzak aurkeztu udalari. Herritarrekin egin dituzte bilera batzuk, baita gazteekin ere. Etxebizitza ereduak eta beste herrietako esperientziak hartu dira kontuan. Ondorioak aztertu, oinarri bezala hartu eta erabakiak hartuko ditugu. Nondik hasi behar dugun, zein baliabide behar diren eta zertarako gai garen ikusi beharko dugu.

'Bertakoa bertatik' proiektuarekin jarraituko al duzue?

Iaz kontratazio bat egin genuen, lehen sektorearen egoera zein zen jakin nahi genuelako eta erradiografia bat behar genuelako erabakiak hartu aurretik. Lan horren ondorioz, ikusi dugu indar asko jarri beharra dagoela eremu honetan. Sakondu behar dugu horretan eta hiru urtetarako teknikari bat kontratatu dugu, lehen sektorearen eta ingurumenaren arloetan eragiteko.

Zein da oro har udalaren egoera ekonomikoa?

Ondo gaude. Diru sarrerak eta gastuak kontuan hartuta superabitean gaude eta gerakina ere badugu. Gauza gara inbertsio berriei aurre egiteko. Mailegu bakarra dugu, kiroldegiarekin lotutakoa, eta 2024an bukatuko dugu ordaintzen. Ordura arte egoerari eusten badiogu, ordutik aurrera oraindik ere xamurragoa izango da egoera.

Beste proiekturen bat baduzue aipatzeko?

Guk, batez ere, azpiegitura eta obrei baino garrantzi handiagoa ematen diegu pertsonei. Gazteriaren parte hartzea sustatzeko zerbitzuarekin eremu batean eragin nahi genuke, baina badugu ardura adinez nagusi direnekin ere. Adin piramidea irauli egin da eta Anoetan egongo dira 400 pertsona baino gehiago erretiratuta. Erronka bezala ikusten dugu haiek herriko parte aktibo bihurtzea eta zaintzaren arloan ere badugu zer pentsatua.

Erretiratuak antolatuta al daude herrian?

Badago elkartea herrian, baina ez dira maiz etortzen udaletxera. Adinean aurrera doaz eta kexu nagusi bezala dute, erretiratu berriak ez direla elkartean sartzen. Horri ere buelta bat eman nahi genioke.

Anoetarrei zein mezu bidaliko zenieke?

Esango nieke, udaletxeko ateak zabalik dituztela. Animatzeko parte hartzera. Edozein iradokizun edo ekarpen badute egin dezatela. Gure asmoa, euskara eta kulturarekin mahai egonkorrak sortzea da, batzorde ireki horretan herritarrek beren iritziak eman ditzaten, hautetsiekin batera. Herri aktiboa da Anoeta eta horrela izaten segi dezan nahi genuke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!