Beste behin, azkena nahi luketena ospatzen

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko abuztuaren 18a

Haur sahararren agur festak hartu du, gaur, Anoeta; Tolosaldea Sahararekin elkarteak Anoetako Udalarekin elkarlanean antolatu du egitaraua.

Oporrak Bakean egitasmoa udako ezinbesteko osagaietako bat da, aspaldion, Tolosaldean. Haur sahararrek errefuxiatuen kanpamenduetako tenperatuta altuak jasan behar ez izateko eta mediku azterketak pasatzeko baliatzen dituzte, besteak beste, bizpahiru hilabeteok, eta Tolosaldea Sahararekin elkartea nahiz haiekin bat egiten duten familiak dira hori guztia ahalbidetzen dutenak. Gaur, urteroko agur festa ospatzen ari dira, urtero bezala, azkena izan dadila pentsatuz.

Kontraesan horixe baitu sahararren eta eskualdeko herritarren artean sortua den zubiak: batera senti daitezke elkar ezagutu izanaren poza, eta haur sahararrak Euskal Herrira gehiago bidaiatu behar ez izateko nahia.

Gaur, dena den, malenkonia guztiak aparte utzi, eta gozatu nahi duten guztientzat lekua egin dute Anoetan. Gaztetxoenek puzgarriak, futbolina, gena tailerrak eta margoak izan dituzte, eta haima ere zabalik izan da, sartu nahi izan duenarentzat. Eguerdi aldean ekitaldi politikoa egin dute, Mendebaldeko Sahararen askatasuna aldarrikatuz, eta guztiek elkarrekin bazkalduko dute, gero, paella, pilotalekuan. Arratsaldean, berriz, aparra, txokolatea eta musika izango dituzte.

15:30. Apar festa. 

16:30. Ikuskizuna.

17:30. Txokolatada.

18:00. Saharar musika: Dagja Med Salem Band

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!