2017ra jo behar da prozesuaren abiapuntua topatzeko. “Jaien lanketan berdintasun irizpideak txertatu behar zirela erabaki genuen orduan”, dio Eizmendik. "Gai sakona zela esan ziguten Foru Aldundiko Berdinbidean zerbitzuko aholkulariek, antropologia aldetik aztertu behar zela, genero ikuspegitik aztertu behar zela… aholkularitza beharko genuela”.
Farapi Kooperatiba Elkartearekin egin zuten prozesua, eta, lehenik eta behin, behaketa bat egitea proposatu zieten. “Herri aktibazioa ezinbestekoa zela ere esan ziguten; herriko eragileak, udal langileak, brigadako langileak, tabernariak… aktibatu behar genituela”. Eta lortu zuten herritarrak eta herri eragileak gerturatzea: herriko bi elkarteak, gaztetxea, ikastola, musika eskola, herriko talogileak, dantza taldea, txosna batzordea, Matraka emakume taldea… Talogile taldeko kidea da Saioa Tolosa; orain zinegotzia den arren, herriko eragile gisa parte hartu zuen prozesuan.
Ondo oroitzen du hasiera. “Antropologia mailako formakuntza bat eman ziguten, eta lanean jarri gintuzten berehala”. Lehen ariketa izan zen 2017ko festetako behaketa egitea. “Betaurreko moreak jarrita eta argazki kamera eskuetan genuela ateratzea eskatu ziguten. Jende oso ezberdina geundenez, eta festetako ordutegi eta ekitaldi guztiak hartzen genituenez, bakoitzak konpromisoa hartzen zuen argazki bidez ikusten genuena islatzeko”.
Irakurri erreportajea Gipuzkoako Hitzan.