Anoetak, beste herri askok ez bezala, lur publiko asko du etxebizitza politika propio bat aurrera eraman ahal izateko. Udalek etxebizitza tasatuak edo babes ofizialekoak sustatu ohi dituzte horrelakoetan, eta Anoetako Udalak bestelako aukera batzuk esploratzeko asmoz, azterketa bat bultzatu du aurten. Dunak taldeak gidatu du prozesua eta herrian dauden etxebizitza aukera ezberdinen analisia egin ondoren ateratako ondorioen aurkezpena egin zuen asteartean, udal liburutegian.
Koldo Telleria Dunak taldeko kideak azaldu duenez, gizartearekin harremanetan jartzeko ahalegina egin dute prozesuan zehar eta bilerak izan dituzte etxejabeekin, etxe bila dabiltzanekin edota herriko gazteekin. Horrekin batera, lanketa tekniko batzuk egin dituzte, etxebizitzarekin loturiko ahalik eta gai gehien ukituz.
«Anoetako behe solairuak aztertu ditugu eta ikusi dugu herrian aukera dezente dagoela; Gune batzuk badaude etxebizitza erabilera izan dezaketenak, irisgarritasun, aireztapen eta espazio aldetik baldintzak betetzen dituztenak», esan du Telleriak. Herritarren artean hilabeteotan zabaldutako inkesta eta egindako elkarrizketen bitartez ondorioztatu dute, Anoetan dauden etxebizitzak, gaur egun, jendeak nahi dituenak baino handiagoak direla. «Etxebizitza handiak bitan zatitzeko aukera baloratu daiteke, gaur egungo beharretara egokitutakoak edukitzeko».
12 etxe jaberekin bildu dira Dunak taldeko kideak eta hutsik duten etxebizitzaz galdetu diete. «Trasteleku bezala erabiltzen dutelako, edo baserrien kasuan, baratze kozkor bat dutelako edo asteburutan erabiltzen dutelako, jabeek ez dute etxebizitza hutsik dutenaren kontzientziarik». Alokatzeko aukeraz galdetuta, erdia prest agertu da horretarako nahiz eta beldurra adierazi duten: «Esperientzia txarra izan dutelako askok, edo besterik gabe, kulturalki alokatzeari mesfidantza diotelako. Jende ezaguna izatea eta ordainduko zaienaren bermea eskatzen dute etxe jabeek».
Telleriak nabarmendu duenez azken urteetan etxebizitza eskaerak gora egin du Anoetan. Etxebidek emandako datuei begiratuta, Tolosa edota Villabona bezalako herri handietan behera egin du eskaerak eta gora berriz Anoeta bezalako herri ertainetan. Kontrara, Interneten etxebizitza eskaintza egiten duten webguneetan begiratuta, Tolosaldean zazpi etxebizitza baino ez dira azaltzen alokatzeko, Anoetan bakar bat ere ez.
Hori ikusita, martxoan egin zen aurkezpenaren ondoren herriko gazteek Dunak taldeari eskatu zioten etxebizitza eredu berrien inguruko tailer bat antolatzeko, salmentarako etxebizitza babestu eta libreetatik edota ohiko alokairutik aparte beste aukera batzuk aztertzeko.
ERABILERA KOOPERATIBAK
Eta ereduak egon badaude. Europa iparraldean edota Herrialde Katalanetan etxebizitzen erabilera-lagapeneko kooperatibak sortu dira. «Udalak politika batzuk bideratu ditzake, behe solairuetan edo baserrietan etxebizitzak egiteko edo etxebizitza handiak bitan banatzeko. Horretarako araudiak moldatzea ondo dago, baina gizarteari jarrera aldaketa bat eskatu nahi diogu, aktiboki parte hartu dezan etxebizitza ereduak zehazten eta adosten. Orain arte, zain egotea beste erremediorik ez dugu izan: merkatu bat dago eta alokatu edo erostea da guri esku hartzeko uzten diguten zirrikitu bakarra».
Anoetan, badago bestelako eredu bat garatzeko aukera. Beste herri askotan ez bezala udalak etxebizitza babestuak eraiki ahal izateko lurrak ditu. «Administrazioak lur horiek herritarren esku utzi nahi ditu eta etxebizitzara sarbidea ziurtatu nahi die anoetarrei, baina horretarako gizarteak antolatu egin behar du», azpimarratu du Telleriak.
Erabilera-lagapeneko kooperatiba osatzea da ereduetako bat. Donostian, adibidez, ari dira lanketa hori egiten Abaraska taldean. «Prozesua hasieratik bukaerara kooperatibako kideen esku geratzen da. Funtsean, etxebizitza nola eraiki behar den, bizigune bakoitzak zenbateko azalera behar duen, nolako espazio komunak eraiki behar diren... adosten dute denen artean. Urtebete edo bi urteko prozesua izan daiteke eta bidean komunitatea osatzen dute. Ikasketa prozesu garrantzitsua izaten da, elkar ezagutzeko eta bizi eredu burujabeak eraikitzeko».
Lan dezente dakarren prozesua da, baina Telleriak ikusten du horrelako dinamika bat abiatzeko aukera badagoela Anoetan: «Guk orain udalari ikerketaren ondorioak aurkeztuko dizkiogu eta kooperatibaren bat sortzeko aukera planteatuko balitz, prest geundeke laguntzeko, formazioa eskaintzeko eta beste lekuetako esperientziak hona ekartzeko». Beste etxebizitza eredu baten alde lanean hasteko prest dagoen masa kritikoa osatzeko, Tolosaldera zabaltzeko aukera aipatu dute Dunak taldekoek, «promozio hauek etxebizitza kopuru dezentea behar baitute errentagarriak izateko».
Euskal Herrian ere badaude esperientzia interesgarriak. «Komunean bizi nahi duten komunitateak osatzen ari dira Gasteizen edota Usurbilen, esate baterako. Jende askok galdetzen dio bere buruari nola zahartu nahi duen. Erresidentzia batean? Etxean bakarrik? Zahartze aktibo baterako komunitateak osatzeko lanketak egiten ari dira, biziguneak jende gazteagoarekin partekatuz. Anoetan sumatzen ditugu sinergia interesgarriak horretarako», nabarmendu du Telleriak.