Ander Uranga, Espainiako txapeldun 200 metroko proban

Imanol Garcia Landa 2019ko uzt. 8a, 19:59

Ander Uranga, erdian, sari banaketan. ANGEL URANGA

Oso marka ona egin du, 20,98 eginez, baina ez da baliagarria izan gehiegizko haizearengatik.

Europako Txapelketara joateko gutxienekoa lortzera joan da Ander Uranga atleta anoetarra Espainiako 20 urtez azpiko txapelketara, eta helburu hori lortu ez badu ere, urrezko dominarekin itzuli da eta lorpen horrekin «oso pozik» dagoela azaldu du. Aire librean 200 metroko proba irabazi du Tolosa CFko atletak, 20,98ko markarekin, eta berez oso ona den marka izan arren, ez du baliorik gehiegizko haizea baitzegoen une horretan. Zehazki 3,2 metro segundoko abiadura zuen haizeak, eta markak baliagarriak izateko ezin du gainditu 2 metro segundoko abiadura. Haizearengatik ez balitz, denbora horrekin aise lortuko zuen Europako Txapelketara joateko gutxienekoa, 21,30ean baitzegoen.

Urangak ez zuen espero urrezko domina lortzea: «Hirugarren denbora onenarekin iritsi nintzen txapelketara, eta hiruron denborak zeuden hamarreko baten barruan». Finalean bigarrenari hiru hamarreko baino gehiago atera zizkion, eta gakoa bihurgunea izan zen: «Normalean bihurgunetik ez naiz ondo ateratzen, eta gero azken 100 metroetan berreskuratzen dut denbora. Baina finalean, bihurgunetik lehenengo atera nintzen eta gero tartea handitu nuen».

Lehenengo txandan, larunbatean, dena ematera joan nahi zuen, baina ez zuen lortu eta 21,55 egin zuen. Gero finalerdietan kontrolatzen joan zen, eta 21,72 egin zuen. Finalean dena ematera joan zen, orduan lortu zuen, baina egindako markak, esan bezala, ez du baliorik. «Pena da horrelako lasterketa egin ondoren, haizearengatik markak baliorik ez izatea», esan du Urangak. «Hori bai, 21 segundoko langatik jaitsi naiz, eta behin egin dudanez, ikusten dut marka horretara gerturatzeko aukerak ditudala».

Ezin izango du beraz, Europako Txapelketara joan 200 metroko proba egitera, baina aukera du Espainiako selekzioarekin 4x100 metroko probara joateko. Europako txapelketetan ez du parte hartu orain arte Urangak, eta esperientzia berri bat izango zen berarentzat joateko aukera baldin badu.

Denboraldia bi aste barru bukatuko zaio Urangari. Asteburu honetan Euskadiko Txapelketa jokatuko da absolutu mailan, eta uztaileko azken asteburuan selekzioen arteko Espainiako Txapelketa jokatzen da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!