Anoetako jaiak 2019

Ikastolari gorazarre egin dio herriak

Jon Miranda Labaien 2019ko ekainaren 19a

Anoetako ikastetxeak aurten 50 urte bete ditu eta ospakizunei amaiera emateko herriko jaiei hasiera emateko suziria pizteko ohorea izan dute ikastolako ordezkariek; bihar Korputs eguna izango da, jai egun handia Anoetan

Gaur lehertu da festa Anoetan. Txalapartariek kukuaren etorrera iragarri dute eta elizako kanpandorretik udaletxe atarirainoko bidea egin du Anoetako ikur denak. Aurten, 50. urteurrena duenez, Anoetako Herri Ikastolak izan du pregoia irakurtzeko ohorea eta Joxean Aparicio lehendakariak eta Maialen Mujika kudeaketa batzordeko kideak hartu dute lan hori. Ikastolako zuzendari Itziar Lazkanok etxafuegoa piztu ondoren, ikastolak berak antolatzen duen danborradan parte hartzen duten umeak hasi dira kantuan.

Sardina jatearekin eta gaueko erromeriarekin osatuko dute eguna anoetarrek eta, bihar egun handia izango dute. Besteak beste, mozorro eguna izango dute eta herriko eragileek antolatutako saiheski jatea izango da plazan. Astelehenera arte luzatuko dituzte aurten festak Anoetan, San Joan egunarekin bat eginez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!