Anoetako jaiak 2019

Indarrak batu dituzte jai herrikoien aldeko egitaraua osatzeko

Ataria 2019ko eka. 19a, 11:58

Anoetako Gazte Asanblada, Sortu, Ernai, Sare eta Matraka talde feminista jai eredu parte hartzaile eta berdinzaleak bultzatzeko elkartu dira aurten ere, egitarau propioa osatuz.

Badira urte batzuk txosna batzordea osatu zela eta eragile guztiak elkarrekin aritzen direla Anoetan. Talde bakoitzaren finantzazioari begira baino indar handiagoa jartzen dute orain festa ereduak eraldatzailean. Logika horretan aritu dira aurten ere.

«Kaleko giroa bultzatzea, adin guztietara zabaldutako egitaraua prestatzea eta eraso sexistarik, arrazistarik eta homofoborik gabeko jaiak lortzea dira gure helburuak», esan du batzordean parte hartzen duen kideetako batek. Aurten, eraso matxistaren bat gertatzen bada, iaz herrian prestatutako protokoloa erabiliko dute erasoari erantzun azkarra eta bateratua emateko.

Plaza txikia deitzen dioten horretan, aurten ere, bi txosna jarri dituzte, «bilduago geratzen delako eta giroa sortu nahi dugulako bertan». Plaza handian karpa jarri dute eta eragileek prestatu dituzten emanaldietarako oholtza egongo da barruan. Festa batzordearekin koordinatuta prestatu nahi izan dituzte ekimenak, hala ere: «Eragileok festa batzordean aktiboki parte hartzen dugu eta ekitaldiak ez diote batak besteari enbarazurik egiten, egitarau osagarriak dira biak. Jai eredu berri bat eraiki nahi dugun aldetik, bai, alternatiboa da gurea».

Jaia bai, baina antolaketa handia eskatzen du egitarau eta txosna gunea aurrera ateratzeak. Txandak osatzeko 120 lagun inguru pasako dira egunotan, eta ardura gehiago ere banatuko dira, «askotan itzalean geratzen direnak».

Herriari begira pentsatu dute egitaraua, eta gauekoaz gainera, arratsaldeetan ere prestatu dituzte ekimenak.

ERAGILEEK ANTOLATUTAKO EGITARAUA

Ekainak 19, gaur

19:30. Presoen aldeko brindisa.

00:30. Rukula eta DJ Maris.

Ekainak 20, osteguna

19:00. Tokan2La Polla.

21:00. Herri mugimenduaren aldeko afaria.

Ekainak 21, ostirala

18:30. Bizikleta jolasa, DJ Bagek girotuta.

01:30. Sustrajah band eta Stepi Selektah, reggae eta dancehall.

Ekainak 22, larunbata

18:00. Gazteen kalejira.

23:00. Gazteen dantza.

02:00. Gora etorri, bietan dance eta Manuela Ahizpak.

Ekainak 23, igandea

18:30. Kaxa jolasa egingo dute plazan.

00:00. Natali eta DJ Jotatxo.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!