Nola jaso duzue ikastolan jaiei hasiera emateko suziria botatzeko ohorea?
Poz handiz. Ikastolak 50 urte hauetan egin duen lana herriak baloratzea eskertzekoa da. Guk beti sinistu izan dugu ikastola herritik sortu zela eta herriarentzat egiten duela lana. Zikloa ixtera datorren zerbait da suziria piztea. Harrotasun handiz botako dugu.
Ikasturtea amaitzear duzuela zer nolako balorazioa egiten duzue urtemugako ospakizunen inguruan?
Ikasturte berezia izan da zentzu horretan. Lan handia egin dugu baina egia esan gustura geratu zara. Ez gara ikastola handia, hortaz, neurri berean gure ospakizunak xumeak izan dira, hori bai, hunkigarriak eta bereziak. Lau momentu ezberdin izan ditugu. Gure ikastolan aurreko udan obrak egin genituen, eta ospakizunak lan horien inaugurazioarekin hasi genituen.Ondoren, 50 urte hauetan lanean aritu diren ikastolako komunitateko kide ezberdinei eskertza egin genien, aitortza ekitaldi moduko bat izan zen, ikasle ohi eta sortzaileekin eta oso hunkigarria izan zen. Gero herri ospakizun bat egin nahi izan genuen, herrian txertatuta dagoelako ikastetxea eta zentzu horretan herriko eragileen laguntza handia jaso genuen. Jaialdi polita izan zen, parte hartze handiarekin. Eta amaitzeko, ekainaren 2an, ikastolaren eguna ospatu genuen, intimoagoa izan zena; momentu honetan komunitatea osatzen dugunok egin genuen festa eta eguraldia lagun izan genuen. Primeran pasa genuen.
Esango zenuke zuen ikas-komunitatea indartuta atera dela urtemuga pasa eta gero?
Nik uste dut baietz. Indartuta eta era berean ilusioarekin, ikastola berritzen ari delako eta proiektu berriak aurrera eramaten ari direlako. 50 urte bete ditu ikastolak eta ikusten dugu beste hainbeste egiteko indarra baduela.
Zerrendatu ditzakezu aurrera begira dituzuen erronkak Herri Ikastolan?
Erronkak finkatuta dauzkagu. Oso argi dugu zer nahi dugun. Gertatzen dena da inbertsio handia suposatzen duela, bai egin dugunak, bai buruan dugun bigarren faseak ere. Poltsikoari begiratuko diogu, eta ikusiko dugu bigarrengo parte horren inbertsioari heltzeko noiz egongo garen prest. Oraingoz behintzat ez.
Gaurko pregoia eta txupinazoaren unea nola prestatu duzue?
Bai. Kudeaketa batzordeko kide guztiak egongo gara han, baina hitza ikastolako lehendakariak Joxean Apariciok hartuko du, eta berekin batera, batzorde horretan parte hartzen duen Maialen Mujikak, ikastolako ikasle izandakoak eta gaur egun guraso ere badenak. Gero, suziria piztu, nik neuk piztuko dut.
Ikasleak berriz, danborra jotzen ariko dira, urtero egiten duten bezala.
Bai, txupinazoaren ondoren danborrada ateratzen da Anoetako kaleetan zehar eta ikastolak antolatzen duen ekimena da hori. Entseguak egin dituzte dagoeneko azken asteetan eta seguru guztia ondo aterako dela.
Modu berezian ospatuko dituzue festak aurten?
Normalean ikastolako langileok, egun hau hartzen dugu afari koxkor bat egiteko eta tradizioari eutsiko diogu gaur ere. Afaldu eta parrandatxo bat egingo dugu. Bide batez, eskualdeko jendea ere animatu nahi dugu Anoetako jaietara etor dadin, gerturatuz gero, ederki pasako dute eta.
EGITARAUA
Ekainak 19, gaur
19:00. Herriko txalapartariek kukuaren etorrera iragarriko dute plazan. Ondoren, txupinazoa, kukuaren jaitsiera kanpai hotsekin eta haur danborrada, Loatzoko txarangak lagunduta. Pregoilaria aurten Anoetako Herri Ikastola izango da, 50. urteurrenagatik.
20:00. Sardina jatea plazan, Kuku elkarteak antolatuta eta Loatzoko trikitilariek alaiturik.
21:00. Ezten Giro erromeri taldea plazan.