Orduko Sobietar Batasuneko Txernobyl hiritik gertu zegoen Vladimir Ilich Lenin zentral nuklearreko erreaktore bat lehertu zen. Bederatzi urte lanean zeramatzan zentralak (2000. urtean itxi zuten guztiz, gezurra dirudien arren), epe motzean merkea den energia horrekin, Ukrainako ingurune hura argiztatzen.
Benetan miresgarria iruditzen zait energia lortzeko modu hau. Kimikaria izatetik urrun nagoen arren, material erradioaktiboen atomoen fisioa gauzatu eta, prozesu konplexu baten ondorioz, energia elektrikoa lortzea, magiatik gertu dabilen ekintza iruditzen zait. Abiadura biziko abesti baten erritmora dantzan ibiltzearen pare ikusten dut, kristal finez egindako kopaz betetako bandeja bat eskuan duzula. Patinetan. Emaitza liluragarria izan daiteke, baina arriskua ere agerikoa da.
1986ko apiril hartan, dantzaria erori egin zen. Kopa ugari lurrera bota zituen, eta mila pusketa egin ziren. Horrez gain, nahi baino kopa gehiagok, dantzaria zegoen tokitik hegan atera, eta inguru guztiak kristalez bete zituzten. Etxeko sukaldean gertatu ohi zaigun bezala, istripua gertatu eta denbora batera, oraindik ere, oinetan zauriak egiteko arriskuan egon gaitezke.
Lehen aipatu bezala, epe motzean oso energia iturri merkea da energia nuklearra. Munduaren aurrean, gainera, teknologia arloko hegemonia bistaratu nahi izan izan zuen Mikhail Gorbacheven gobernuak, Amerikar Estatu Batuekin lehia bizian. Kontuak kontu, Sobietar Batasuneko eta Europako zati handi batek pairatu zituen, hondamendiaren kalte zuzen nahiz albo-kalteak.
Energia hau epe motzean merkea dela azpimarratzen dut, oraindik ere, biologikoki nahiz ekonomikoki, leherketak eragin zituen kalteak nabariak baitira. Duela hiru urte amaitu zuten, ehun urte iraungo omen dituen lehertutako erreaktorearen sarkofago berria eraikitzez; 1.500 milioi euroko kostua izan du. Mundu guztitik jaso dituzte makroeraikuntza hori egiteko ekarpen ekonomikoak, baita AEBtatik ere. Gorbachevek berak aitortu zuen, Txernobylko deskalabrua izan zela Sobietar Batasuna desegiteko pisuzko arrazoietako bat.
Zuetako askok Lemoiz geratzea lortu zenuten. Alemania, azken hamarkadan, bere programa nuklearrei 180 graduko bira eman, eta zentralak ixten hasi da. Gure inguruan, berriz, batez ere iparralderantz begiratuz gero, mapa nuklearrak beldurra ematen du. Beranduegi bada ere, ea dantzariei dantzalekuetan gustura dantzan, eta tabernariei terrazetan lasai lanean uzteko hautua egiten dugun.