Herriko festetako haur danborradan izen emateko epea zabalik

Ataria 2019ko maiatzaren 30a

Ekainaren 19an, 19:00etan izango da danborrada, txupinazoarekin batera. Izen emateak, udaletxean, liburutegian edo ikastolan egin beharko dira ekainaren 5a baino lehen.

Partaide guztiek alkandora eta galtza zuriak eraman beharko dituzte eta taldeka antolatuko dira. Haur Hezkuntzako bigarren eta hirugarren mailakoek eta Lehen Hezkuntzako lehen mailakoek txapela, gerrikoa, lepoko zapia eta danborra berdeak eramango dituzte. Lehen Hezkuntzako bigarren, hirugarren eta laugarren mailakoek, txapela, gerrikoa eta lepoko zapia gorriak. Bukatzeko, Lehen Hezkuntzako bosgarren mailatik aurrekoek, txapela eta gerriko beltzak eta lepoko zapia Anoetako festetakoa eraman beharko dute, edo bestela, eguberritako laukiduna edo beltza.

Aurten ere gurasoak danborradan parte hartzeko aukera izango dute, beti ere, gutxienek 12 laguneko talde bat osatuz gero. Bide batez, udalak danborrada parekideagoa antolatzeko deia egin du, zaintza lanak emakumezko eta gizonezkoen artean banatuz.

Entseguak egingo dira ikastolan datozen egunotan: Ekainaren 11n, asteartez, 17:10ean, eta ordu berean, ekainaren 17an, astelehenez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!