Umeentzako txirrindularitza lasterketa eta krosa egingo dira Anoetan

Ataria 2019ko ekainaren 5a

Txirrindularitza lasterketa ekainaren 8an egingo da eta ekainaren 15ean  herriko festetako krosa izango da umeentzat.

Ekainaren 8an, larunbata, 16:00etan hasiko da lasterketa eta izen emateak ikastolan, udaletxean edo liburutegian egin beharko dira ekainaren 6a baino lehen. Benjaminek, alebinek eta infantilek parte hartu ahal izango dute eta sariak egongo dira maila bakoitzeko sailkatzen diren lehen eta bigarren neskentzat eta lehen eta bigarren mutilentzat.

Sortalde-Igarabide-Solkorre-Iturtxulo ibilbidea egin beharko dute txirrindulari lasterketan parte hartzen dutenek eta buelta kopurua mailaren arabera aldatuko da. Parte hartzaileak, 15:30ean egon beharko dira Sortalden. Bizikleta eta kaskoa eramatea beharrezkoa izango da.

Festako krosa

Ekainaren 15ean, larunbata, 09:30ean herriko plazatik abiatuko da herriko festetako umeentzako krosa. Izen emateak, ikastolan, udaletxean edo liburutegian egin beharko dira, ekainaren 7ra arte.

Aurrebenjamin eta benjaminek 600 metroko ibilbidea egin beharko dute, alebinek 1.100 metrokoa eta infantil eta kadeteek 1.300 metrokoa. Sariak egongo dira parte hartzaileentzat.

Anoetako Kirol Klubak, Anoeta Herri Ikastolak eta Anoetako Udalak antolatzen dute elkarrekin krosa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!