Baina, atzera egin nahi dut, atzo zortzira, Korrika hasi zen egunera, Garesera. Gares bihotzekoa dut; aitaren sorterria, familia handiaren zati bat ere han bizi dut. Urtero joaten naiz bisitan, baina, hemezortzi urte bete bitarte, udak eman nituen bertan. Gares herri erdaldun bat zen, orduan; euskara galdutako herri bat. Gares ere ez zen; Puente la Reina, edo Puente baizik. Gares diskoteka bat zen orduan, eta ni El vasco nintzen.
Garesen, erdaraz mintzatu arren, euskarazko hitzak ere erabiltzen zituzten: txantxangorri, esaterako. Auzolanari 'auzalan' deitzen zioten, eta errekatxoari 'regacho'. Osabidea, Nekeas eta beste hainbat leku ere baziren, toponimian. Gure aitona zenak, erdalduna bera, Gares 'gari ez'-etik zetorrela zioen, baratzeen eta mahastien herria baitzen.
Lagun handiak egin nituen Garesen, kuadrilla ere bai; El vascotik Koldo el vascora igaro nintzen, eta, azkenik, Koldora. Eta, herriak ere, Puentetik Gareserako bidea egin zuen: helduak euskalduntzen hasi ziren, umeak D ereduan ikasten. Nire lehengusu batek ere ikasi zuen, eta ederki mintzo da, bere bi semeak eta nire beste lehengusuenak bezalaxe. Gaur egun, alkatea bera ere euskalduna da, eta, Izarbeibarko AEKren euskaltegiko arduraduna, garestar bat da.
Orain, Garesera itzultzen naizenean, euskara entzuten dut kalean; udatiarren ahotik bezala, bertakoenetik ere bai. Eta hunkitu egiten naiz. Hunkitu nauen bezala, bertakoen ahotik ateratako hitz hauek irakurtzeak: «Garesen, non mugitu baldin badakizu, posible da euskaraz bizitzea, ia erabat. Ez da Lesaka bat, baina...».
Bertan denbora gutxiago ematen dudan arren, neureago dut orain Gares. Horregatik hunkitu nau hainbeste, aurtengo Korrikak Gares eduki izana abiapuntu; euskararen aitzinatzean egin duten lanaren aitortza paregabea iruditu zait.