Formatu zaharraren defendatzaile sutsu gero eta gehiago aurki dezakegu. Soinuaren goxotasuna senti dezaketela argudiatzen dute, disko konpaktuen eta MP3an konprimitutako musikaren aldean. Alderdi teknikoari begiratuta, eztabaida amaiezina da. Musikariek grabatu dituzten ñabardura guztiak formatu analogikoan bakarrik antzeman daitezkeela argudiatzen dute binilozaleek; maiztasun altuak eta harmoniko guztiak, esate baterako. Formatu digitalaren defendatzaileek, aldiz, fisikako teoremak eskuan hartuta egiten diete aurre horrelako erasoei. Pisuzko arrazoi bezala aurkezten dute, biniloan ez dela laginketarik egiten, hau da, soinuaren grabazioan ez dagoela inongo etenik. Formatu digitaletan, berriz, ez da errealitatean gertatutako guzti-guztia gordetzen, baina, bai gure belarria ezberdintzeko gai dena baino informazio gehiago.
Alderdi artistiko nahiz praktikoa aztertuz ere, borrokak ez du etenik. Klasikoek 12 hazbete pasatxoko karpetan marrazkigileak irudikatutako xehetasun guztiak nabari ditzaketela diote, diskoa atera eta disko-jogailuan sartzeko ia mistikoa den prozesioa hasi aurretik. Modernistek, aldiz, musika autoan nahiz kirola egiten duten bitartean entzutea lehenesten dute.
Batzuek nahiz besteek emandako arrazoiak guztiz baliagarriak dira eztabaidarako, baina, ezin da ukatu, grabatutako musikari distortsioa guk sartzen diogula, kalitate baxuko aparailuetan erreproduzitu, eta benetako soinua aldatuko duten bozgorailu eta aurikularrekin entzunda. Helburu bezala, norberak bere barne-eztabaida irabaztea izan dezala, maite duen musika gustuko duen aparailu, erosotasun eta errituak erabiliaz.
Lagunen arteko eztabaida luze batek ekarri nau musika euskarri ezberdinen analisia egitera. Badira elkarrizketa batean esandakoa hitzez hitz eta silabarik galdu gabe entzun eta barneratzen dutenak, analogikoan. Esatekoak kontu handiz aukeratu behar izaten dira horrelako pertsonen aurrean, interpretazioa ahalik eta zehatzen egingo baitu gure entzuleak. Bestalde, errealitate partziala barneratzen duenik ere bada, esandakoak digitalean memorizatzen duenik. Hitzen laginketa komeni bezala egiteko joera izan ohi dute, gainera, errealitatearen komenentziazko interpretazioak eginaz. Besteen doinuekin dantza egin nahi ez duena, joan dadila, bere musikarekin, beste norabait.