Eta basoari begira jarriko bagina?

Jon Miranda Labaien 2019ko api. 11a, 15:59

Agroekologiaren eredua, nekazaritzaz eta abeltzaintzaz harago, basogintzara aplikatzea proposatu du Eskutuko Haziak taldeak; bihar, Anoetan, egin duten ikerketaren ondorioak aurkeztuko dituzte.

Basoari bizkarra emanda bizi izan gara orain arte. Gizartean, oro har, ez da gaiaren inguruko eztabaidarik egon, eta oso jende gutxik diseinatu izan du baso politika, «interes oso jakinak asetzeko». Hala uste dute Eskutuko Haziak taldeko kideek, eta hausnarketarako gogoa pizteko proposamena landu dute. Agroekologiak proposatzen dituen ildoetatik basora gerturatzeko gonbita da, azken batean, egin dutena: «Gizartean sortzen diren harremanen isla da basoa eta, hortaz, lurraldea ulertzeko beste era bat da proposatzen duguna, osasuntsuagoa eta jasangarriagoa». Bihar, Anoetako gaztetxean, 18:00etan, aurkeztuko dituzte egindako ikerketaren ondorioak.

«Zer da basoa?» galderari ertz askotatik erantzun diote, EHUko Hegoa institutuak eta EHNE Bizkaia sindikatuak antolatutako Baserritik mundura ikastaroko ikasleek. Gipuzkoa inguruko bost ikasle batu eta Eskutuko Haziak taldea sortu dute, ikergai gisa Anoeta hartuz. Maddi Sarasola herritarrak azaldu du zergatia: «Udalak aurretik bazuen lanketa bat egina, landa garapenaren inguruan, eta aproposa iruditu zitzaigun ikerketa hemen garatzea».

Ikerketa Ekintza Parte hartzailea (IEPH) metodologia erabili dute lanerako, eta lehenengo sektorearekin nolabaiteko harremana duten eragileekin bildu dira. Mikel Agirre taldeko kideak aipatu duenez, hasieratik zuten hipotesia indartu zitzaien, jendearekin hitz egin ondoren: «Ikusi dugu, bere garaian basoak ekonomian zuen zentraltasuna desagertu egin dela. Erdigunetik oso aparte geratu da. Ez da jendearentzat kezka bat. Basoa ez da agenda politikoan egon eta, oso adierazgarria den zerbait gertatzen ez den arte, inork ez du horri buruz hitz egiten». Taldeko kideek aurreko udan insignis pinuei erasan zien gaitzari egin diote erreferentzia.

Horrek, neurri batean, proposamena ia hutsetik eraiki behar izatera bultzatu ditu taldekideak. Eta definizio zehatz bat eman baino, nahiago izan dute, basoa, bere baitan gauza asko barne biltzen dituen «ekosistema konplexu bat» bezala hartu.

EREDU HEGEMONIKOA

Eskutuko Haziak taldeko kideek, landatzeetatik bereizi nahi izan dute basoa. «Gaur egun, mendian ikusten dugun guztia baso kontsideratzen dugu, baina landatzea da gehiena; espazioaren %70etik gora hartzen du». Eredu ezberdinak egon daitezkeen arren, kritiko azaldu da Agirre gaur egun nagusitu den landaketa eredu hegemonikoarekin: «Desastre bat da. Merkatuan produktu konkretu bat ekoiztera bideratuta dago landatzea, eta ez oinarrizko beharrizan batzuk asetzera. Gaur egun, eta hemen, pinua da nagusi. Kalitate baxukoa eta azkarra den produktua, papererako edo paketatzeko paleak egiteko erabiltzen dena». Eredu horrek, basoak berezkoak dituen biodibertsitatea eta espezie aniztasuna ez dituela errespetatzen uste dute, taldeko kideek. «35 urtetan ziklo guztia hasi eta bukatu egiten da, basotze prozesuari beharrezko duen denbora eman gabe. Horrek ekosistema oso ahulak sorrarazten ditu, askotan oreka hautsiz, eta gaixotasunak ekarriz. Merkatu global baten logikaren baitan, papera ekoizten aritzen gara, horretarako gure mendiak sakrifikatuz».

Ioritz Iparragirre taldeko beste kideetako batek aipatu duenez, problematika guztiari agroekologiatik begiratuta erantzun nahi izan diote. «Nekazaritzan edo abeltzaintzan landu izan den eredua interesgarria iruditzen zaigu, printzipio batzuk jasotzen dituelako: tokian tokikora egokitutakoa ekoiztea, bertako lurraldea errespetatuz, pertsonak erdigunean jarriz eta kontsumo eredu basatiak alboratuz. Zergatik ez horrelako kudeaketa eredu bat basoarentzat?».

BASOA, KULTURA DA

Ikerketa ez dute ikuspegi ekonomikotik bakarrik bideratu. Egungo egoera horretara iristeko, atzean egon diren arrazoiak aztertu dituzte. Irakurketa historikoa egin dute, lurraldearen bilakaerari dagokiona, eta gizarteak izan duen eraldaketa sozio-demografikoa aztertuz. Iparragirrek azaldu du, «jabetza komunala galdu eta pribatizazioak hasi zirenean, horrek eragin zuzena» izan zuela basoaren kudeaketan: «Guk aldarrikatzen dugu publiko/pribatu dikotomia gaindituko duen eredu bat, basogintza, ez goitik behera, baizik eta horizontalki kudeatuko duena. Lurraldearekiko kontrola berreskuratu, eta erabakitzeko gaitasuna izan behar du komunitateak».

Genero ikuspegia ikerketako zeharlerro bezala landu dutela aipatu du Sarasolak: «Emakumeak ez gara ageri basoari lotuta. Hori zergatik gertatu den jakiteko, begiratu behar dugu nola eskualdatu diren lurrak, nola gertatu diren oinordekotzak, aitetatik semeetara, eta nola kendu dieten erabaki ahalmena emakumeei. Beste galdera bat botako dut: gaur egungo baso eredua hain produktiboa, azkarra eta homogeneoa izango al litzateke, erabakiguneak hain maskulinoak izan ez balira? Maskulinitate eredu jakin bati ere erantzuten dio daukagun basoak».

Iparragirrek aipatu du, «gizarteak lotzeko eta kultura sortzeko» funtzioa ere baduela basoak, eta harreman horren balio sinbolikoa ez dela gutxietsi behar. Eskutuko Haziak taldekoek bide eman nahi diote horri eta, horretarako, Anoetako Herri Ikastolarekin elkarlanean, proiektu pedagogikoa landu dute. Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleek saioak egin dituzte, eta basoarekin harremana berreskuratzen saiatu dira, besteak beste, sendabelarren inguruko tailerrak eskainiz. «Iniziatiba, ikasleen esku utzi nahi izan dugu, biziko duten esperientzia horren araberakoa izango delako, basoarekin duten harremana».

Jakintza akademikoa eta herri jakintza uztartu nahi izan dituzte ikerketa garatzeko, eta bizi dugun ingurua ulertzeko beste modu bat partekatu nahi dute, interesa duten guztiekin. Horregatik iruditu zaie interesgarria, maila akademikoan egindako ikerketa herritarrekin partekatzea. Anoetako gazte asanbladarekin elkarlanean, ekoizle agroekologikoekin mahai ingurua antolatu zuten, martxoaren 22an, eta mendi ibilbide bat, joan den larunbatean. Bihar, herritarren aurrean, ikerketa publiko egingo dute. «Guk ekarpen teoriko bat egin nahi izan dugu, eta eztabaidarako tresna bat eskaini». Basoa erdigunera ekarri eta plazara ateratzeko aukera izango da, beraz, bihar Anoetako Gaztetxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!