Bulkada eguna ospatuko dute, larunbatean, Anoetan

Tolosaldeko Ataria 2019ko api. 4a, 12:04

Gaur, plazan, horma irudia margotuko da eta, etzi, Lur Arbizu kidearekin solasaldia eta Gazte Topagunearen aurkezpena egingo dituzte.

40 urte dira Jarrai gazte antolakundea sortu zela eta, hori dela eta, Ernai gazte antolakundeak Bulkada berrien garaia da! egitasmoa jarri zuen martxan, joan den udazkenean. Ekimen horren barruan, 40 urte horietako esperientziak partekatzeko mahai ingurua antolatu zuten, abenduan. Gazte antolakundean parte hartu duten kideen bidez, garai bakoitzeko testuinguru politiko eta soziala gogora ekarri zuten.

Ikasturte osoko egitasmoa izanik, egun hauetan Bulkada Egunak antolatzen ari dira Euskal Herri osoan, eta Anoetan aste honetan ospatuko dute. Gaur, osteguna, murala margotuko dute, 18:30ean, plazan. Larunbatean, berriz, Lur Arbizu Ernai gazte antolakundeko bozeramailearekin solasaldia egingo dute, 17:00etatik aurrera, Zimiterioan. Ondoren, Ernai gazte antolakundeko kideek apirilaren 19tik 22ra Lemoan ospatuko duten Gazte Topagunea aurkeztuko dute eta, amaitzeko, musika emanaldia izango da, zuzenean, Zimiterioan bertan.

HURRENGO GELTOKIA: GAZTE TOPAGUNEA

Ernai gazte antolakundeko kideek azaldu dute, fase politiko honetan «ezinbestekoak» direla gazte bulkada berriak, eta horiek lortzea da Lemoako Gazte Topagunearen helburua. Milaka gazte independentista bertaratuko dira, apirilaren 19, 20, 21 eta 22an, Lemoara, eta haientzat hainbat gune eta zerbitzu prestatuko dituzte, herrian zehar.

Hori horrela, gaur egun irekita dauden eztabaiden topaleku izango da, Gazte Topagunea. 50 mahai ingurutik gora antolatu dituzte eta, besteak beste, feminismoa, herri eredua, prozesu independentista eta langile borroka izango dituzte hizpide.

Kontzertuak eta emanaldiak ere izango dira, eta sarrerak honezkero salgai daude, www.gaztetopagunea.eus webgunean, eta Baionan, Donostian, Bilbon, Gasteizen, Arrasaten (Gipuzkoa), Durangon (Bizkaia) eta Iruñean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!