Etxebizitza beharraren inguruko programa abiatu dute Anoetan

Jon Miranda Labaien 2019ko mar. 14a, 19:58

Asteartean egin zuten aurkezpena, liburutegian, eta abiatu dute herritarren etxebizitza beharrak identifikatu eta asetzeko ereduak aztertzeko prozesua.

Etxebizitza beharraren inguruan hausnarketa egiteko prozesua abiatu dute Anoetan. Datozen hiru hilabeteetan behar hori identifikatu, eta horri erantzuteko aukerak aztertuko dituzte. Dunak enpresa arduratuko da prozesua dinamizatzeaz, eta abiapuntua aurreko asteartean udal liburutegian egindako aurkezpen ekitaldia izan zen. Esku orri bat ere banatu dute, etxez etxe, eta postontziak jarri dituzte herriko saltoki eta tabernetan. Interesa duten herritarrek bete dezakete esku orria: etxe bila dabiltzanek, etxebizitza erosi, alokatu edo beste modu batera izan nahi ote duten argitu dezakete; etxe jabeek ere parte har dezakete prozesuan, euren datuak emanez.

Dunak taldeko Koldo Telleriak azaldu duenez, batzuen zein besteen beharrak identifikatu ondoren, bideak bilatu nahi dituzte egoerari irtenbidea emateko: «Alde batetik, etxebizitza merkatura sarbidea ez duten gazteak egon daitezke, baina baita jende oso heldua ere, behar jakin bat duena. Horiek denak, lokal, etxebizitza edo baserri jabeekin lotu nahi ditugu, beste batzuen eskuetan jabetza uzteko prest daudenekin, alegia. Uste dugu, denen beharrak aztertuta, irtenbide egokiak topa daitezkeela, beste eredu batzuk kontuan hartuta».

Izan ere, etxebizitza erosi edo alokatzea ez da bizitzeko eredu bakarra. Dunak-eko Nora Erdoziak, adibidez, Donostiako Abaraska taldean hartzen du parte: «Beste leku batzuetako esperientzietan oinarrituta, erabilera lagapenerako etxebizitza kooperatibak lantzen ditugu. Kasu hauetan, kooperatiba da etxearen jabea eta horrek ematen die, kideei, etxebizitza erabiltzeko aukera, baina ez jabetzan. Horrek egonkortasuna ahalbidetzen du, prezioak egokiagoak izaten dira eta espazio komunitarioak sortzen dira, adibidez».

Eredu bat da, baina ez bakarra. Anoetan, herritarrek agertzen dituzten beharren arabera hartuko dute bide bat edo bestea. Horretarako, lan espezifiko hori egiteko, tokiko eragile ezberdinekin lan egiteko ohitura du Dunak enpresak. Kasu honetan, Nahikari Calleja Anoetako arkitektoarekin jarri dira harremanetan, Telleriaren hitzetan, «herritar bezala, interesatu bezala, egoeraren ikuspuntu errealagoa daukalako eta herriko pultsua hobeto ezagutzen duelako». Callejaren esanetan, «behar dira» gazteentzako etxebizitzak: «Hemen dagoen aukera bakarra etxea erostea baita edo, bestela, alokairuan hartzea; eta Anoeta bezalako herri batentzat garesti daude alokairuak».

Calleja bezalako gazteek duela bi urte, herri batzar batean, agertutako kezkari erantzuten dio prozesuak, Pello Estanga alkateak aipatu duenez: «Etxe berriak egin beharrean, etxe hutsekin zerbait ezin ote zitekeen egin galdetu ziguten gazteek. Kezka hori ikusita, konpromisoa hartu genuen udal taldetik, eta prozesu hau da horren emaitza».

Udalak, etxebizitza arloan ezer egiten hasi aurretik, beharrak zeintzuk diren jakin nahi du. «Dinamikak ematen duenaren arabera, baliabideak jarriko ditugu horretarako. Jende helduaren eta gazteen arteko bizitoki eredu politak badaude, Usurbilen esaterako. Ikusiko dugu, zer ateratzen den Anoetan». Prozesua hasi besterik ez da egin. Datozen hilabeteetan, datuak jaso, inkestak banatu, beharrak identifikatu eta bilerak egingo dituzte, besteak beste, gazte eta adinekoekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!