«Azken bi partidetan ez dut minik izan»

Imanol Garcia Landa 2019ko ots. 27a, 19:56

Azken urtea ez da batere erraza izan Xabier Tolosarentzat (Anoeta, 1995). Eskuineko eskumuturrean izan du lesioa, eta orain bi asteburu berragertu zen.

Nola izan zen lesioa eta nola bizitu duzu?

Egia esan oso luzea izan da. Aurreko urteko inauterietan izan zen lesioa, eta orain bi asteburu arte errekuperazioan izan naiz. Azken bi partida hauetan behintzat minik ez dut izan, eta hori berri pozgarria da.

Denbora tarte horretan jokatu duzu, ezta?

Otsailean lesionatu nintzen eta gero apirilean berragertu nintzen, eta min handiarekin jokatu nuen partida hartan. Berriz ere partidak jokatzeari utzi nion. Gero uztailean hasi nintzen berriro jokatzen. Hasiera batean nahiko ondo, baina berriz mina berragertzen joan zen eta une bat iritsi zen non ezin izan nuela horrela pilotan jokatzen aritu, eta ebakuntza egitea erabaki nuela. Urrian egin zidaten ebakuntza eta azken lau hilabete eta erdi hauek errekuperazio saioetan murgilduta pasa ditut, eta orain berriz ere kantxetara itzuli naiz, eta egia esan ilusio handiz nago.

Ze lesio izan duzu zehazki?

Eskuineko eskumuturrean lotailu bat hautsita nuen. Arraroa izan zen, eguneroko bizitza egiteko ez baitzidan minik ematen, baina pilotan jokatzeko eskumuturra gorputzeko atal nahiko konplexua da eta beharrezkoa da ondo izatea. Horrelako lotailuak edo hezur txikiak puskatzen direnean, pilotari jotzerakoan asko nabaritzen da eta min handia ematen du. Azkenean, ebakuntza egitea beste aukerarik ez zen egon.

Ohiko da horrelako lesioa izatea?

Gehiago gertatu ohi da eskumuturrean hezur txikiak haustea. Nahiko arraroa da lotailua haustea, baina justu, eskualdeko pilotari profesional batek, Beñat Urretabizkaiak, afizionatu mailan zegoela izan zuen lesio hori. Berari kontsultak egin dizkiot eta ebakuntza egin zidan medikua bera izan da. Berari oso ondo geratu zitzaion, eta egun ez du minik sentitzen, eta nirea ere bide horretatik doa.

Minik ez duzu izan bi partida hauetan. Kolpea berreskuratu duzu?

Sei hilabete izan dira partidarik jokatu ez dudana, eta hainbeste denbora ondoren kantxa ateratzen zarenean nabaritzen da. Pilotari jotzerakoan postura ez da lehengokoa bezain ona, kantxan jartzea eta ibiltzea gehiago kostatzen da, baina nik uste dut hori pixkana entrenamendu eta partidekin berreskuratuko dudala. Eskumuturra oso ondo daukat, eta partida jokatzerakoan jokoan zentratzen naiz, eta ez eskumuturrean, eta hori oso garrantzitsua da pixkana lesioa ahazten joateko, eta nire maila hobetzen joateko.

Buruak ere bere garrantzia izango du lesiotik ateratzeko, ezta?

Bai. Aurreko urtean, uztailean partidak jokatzen aritu nintzenean, lesioa hor zegoen, eta partida jokatzera ateratzen nintzenean jokoan zentratuta egon beharrean nire eskumuturrean nengoen zentratuta. Beti begiratzen ea minik ez zidan emango, postura babestuago batean pilotari jotzen, eskumuturrak ahalik eta gutxien sufritzeko. Eta gero hori errendimenduan nabaritzen da. Beraz, partidan zaudenean jokoan zentratzea garrantzitsua da.

Aurrera begira, buruz burukoan parte hartzeko aukera izango duzu?

Egia esan nire buruan oraintxe bertan ez dago banakako txapelketa jokatzea. Orain entrenamendu onak egitea, partida onak jokatzea eta pixkana nire maila hobetzea da asmoa. Erritmo egokia hartu, eskumuturreko lesioa erabat ahaztu, lehengoko mailara iritsi eta hortik gora egitea da helburua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!