Ander Uranga: «Nire txapelketa hemendik bi asteburura da»

Imanol Garcia Landa 2019ko ots. 19a, 11:59
Ander Uranga, Euskadiko Txapelketan.

Tolosa CF taldeko Ander Uranga atleta anoetarrak Espainiako Pista Estaliko Txapelketan parte hartu du, absolutu mailan, asteburu honetan. Anoetarrak 200 metroko proban parte hartzen du eta lehenengo aldia izan da maila horretan lehiatzen dela.

«Oso esperientzia polita izan da», esan du Urangak. «Espainia mailako onenekin lehiatu naiz eta asko harritu nauen esperientzia izan da». Hori bai, garbi du bere txapelketa hemendik bi asteburura egingo den 20 urtez azpiko Espainiako Txapelketa dela: «Hor esperantza finalean sartzea da, eta finalean kale on bat egokituz gero, podiuma egitea».

Urangak 22,29ko denbora egin zuen kanporaketan eta ezin izan zuen finalerdietara sailkatu. Txapelketara joateko 22,02 markatik urrun geratu zen, baina horrek bere azalpena duela esan du atleta anoetarrak: «Pista estalian kaleak zerikusi handia du lortzen duzun emaitzan. Niri hirugarren kalea tokatu zitzaidan, lauetatik txarrena, eta saiatu nintzen baina askoz hobeto ezin izan nuen egin».

Iaz 18 urte azpiko txapelketa irabazi zuen Urangak. Ordukoarekin alderatuta, txapelketa aldetik antzekoa dela dio, baina aldatzen dena atleten maila dela dio: «Irabazlea ni baino segundo bat azkarrago egin zuen, eta hori metro asko dira, hamar bat edo».

Hurrengo txapelketa, beraz, 20 urtez azpiko Espainiako Txapelketa izango du. Madrilen jokatuko da, hemen inauteriak ospatuko diren asteburuan. Txapelketara horretara bosgarren edo seigarren marka onenarekin doa, eta aurretik aipatu moduan, finalean sartzeko helburuarekin joango da. Bestalde, bere marka ere hobetu nahi du Urangak: «Absolutua ez nuen hainbeste prestatu, eta hurrengoa gehiago landuko dut, eta nire asmoa da 22 segundoetatik jaistea».

Lehiaketa horrekin bukatuko du pista estaliko denboraldia, eta ondoren aire librekoa hasiko da atleta anoetarra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!