Su Berrikoak, gomazko paletan txapeldunorde

Tolosaldeko Ataria 2019ko urt. 29a, 08:59

Su Berri elkarteko Maider Mendizabal anoetarrak eta Ainhoa Garmendia alegiarrak ezin izan dute txapela jantzi gomazko paletaren Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketan.

Asteburuan jokatutako finalean 30-21 galdu zuten Errekaleor elkartearen aurka.

Partida gogorra izan zela azaldu du Mendizabal anoetarrak. 14-16 ere irabazten joan ziren Su Berrikoak, baina bi pauso atzera egin zituen Mendizabalek kantxan zegoen bere posizioan eta arazoak iritsi ziren erabaki horren ondoren: «Beraien aurrelaria gehiago sartzen hasi zen partidan eta horrek fisikoki gehiago eragin zuen».

Sei tanto segidan egin zituzten Errekaleorrekoek, markagailuan aurretik jarriz, eta tarteari eusten joan ziren eta partidaren bukaeran handitu egin zuten. «Partida oso gogorra izan zen, luzea, eta maila handikoa», azaldu du Mendizabalek. Asteburu honetan gomazko paletaren txapelketa hasiko da, lehen mailakoa eta irekia.

ESKUZ, FINALERDIA JOKATZERA

Gipuzkoako Federazioak antolatu duen Emakumea Pilotari Eskuzko Txapelketa ere jokoan da, eta egun bertan parte hartzen ari den eskualdeko pilotari bakarra da Maider Mendizabal. Ostiralean jokatu zuen Nora Mendizabalekin batera ligaxkako azken partida, eta Eneritz Arrieta eta Amaia Araiztegiren aurka 22- 20 galdu zuten. «Akats dezente izan zituen partida izan zen», esan du Mendizabal anoetarrak. «Gainera, Arrietak, joko berezia egiten du, espero ez duzuna, eta ez genuen asmatu horri erantzuten».

Hiru bikote daude lehian txapelketan. Bestea Ainhoa Urienek eta Patri Espinarrek osatutakoa da. Ligaxkan berdindu egin dute hiru bikoteek puntuetan, eta bakoitzaren tanteoa hartzen da kontuan. Beraz, Urien-Espinar bikotea zuzenean sailkatuko da finalerako, eta finalerdia Mendizabal-Mendizabal eta Arrieta-Ariztegi bikoteek jokatuko dute asteburu honetan Donostian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!