Presoen aldeko dinamika indartu nahi dute Anoetan

Ataria 2019ko urtarrilaren 25a

Larunbatean, urtarrilak 26 10:30ean, bilera egingo dute, hainbat esparrutako eragile eta norbanakoekin, udaletxean

Egun 264 euskal preso politiko daude espetxean. Horietatik lau beraien etxean daude, hiru Euskal Herriko espetxeetan, 211 Espainiakoetan, 47 Frantziakoetan eta bakarra Portugalen. Euskal preso horietatik 23k gaixotasun larriren bat dute, eta ehunka dira, astebururo milaka kilometro egiten dituzten senideak, horien artean haurrak eta pertsona helduak.

Dinamikaren bultzatzaileek adierazi dutenez, «guztioi dagokigu sufrimendu bidegabe honekin amaitzea». Horregatik, presoen eskubideen aldeko dinamika indartu nahi dute: «Bakoitzak bere esparrutik,bakoitzak bere neurrian, denon indarrez lortuko dugu injustizia honekin amaitzea». Herriko esparru ezberdinetako eragile eta norbanakoekin larunbatean egingo dute bilera, udaletxean, 10:30ean.

Bestalde, bihar, hileko azken ostirala izanik, elkarretaratzeak egingo dituzte eskualdean, herriz herri. Anoetan 19:30ean izango da eta Ibarran, berriz, ordu berean, soka-tira taldeak gidatuko du, herri sarreran egingo duten mobilizazioa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!