Anoetako Herri Ikastolak 50 urte

Jon Miranda Labaien 2019ko urt. 23a, 13:04

Anoetako ikastetxeak mende erdia bete du eta ikasturte honetan urteurrena ospatzeko ekitaldiak egingo ditu; lehendabizikoa, ostiral honetan.

Mende erdi honetako ibilbide oparoa festa giroan ospatzeko asmoa du Anoetako Herri Ikastolak. Itziar Lazkano zuzendariaren esanetan, «Anoetako herriaren ezaugarri den auzolana azpimarratu eta ikastolako komunitatearekin bezala, herriko eragile guztiekin harremanetan jarri gara, denon artean ikastolak merezi duen ospakizun handi eta parte hartzailea egiteko».

Guraso kooperatiba da ikastola eta kudeaketa batzordean zehaztu dituzte urteurreneko ospakizunekin bete nahi dituzten helburuak: «Argi geneukan ez genuela, soilik, ekintza bakar bat izatea nahi, ikasturtean zehar, urteurrenak presentzia edukitzea nahi genuen». Zuzendariarekin batera, kudeaketa batzordeko guraso batek, guraso ohi batek, bi ikasle ohik eta gaur egungo guraso batek osatu dute 50. urteurrena antolatzeko lantaldea. «Guk diseinatu ditugu ekitaldiak, baina gero, borondatez lanean arituko da jende asko ekintza horiek aurrera atera ahal izateko», esan du Lazkanok.

«Beste batzuk bere garaian lan egin dutelako eta ikastolaren alde aritu direlako gaude gu hemen. Komunitateko kide izan diren guzti horiei aitortza egin eta eskerrak emateko baliatu nahi dugu urteurrena». Horretarako data jarria dute: otsailaren 9a. Ikastolako ikasle, guraso, irakasle eta langile izan direnei esker ona adierazteko ekitaldia egingo dute iluntze partean eta gero aitortza afaria izango da. Urtarrilaren 30era arte ikastolan bertan, edo bestela, Arkupe, Itzuli eta Laia tabernetan erosi ahal izango dira txartelak, 20 euroan. Izen ematen duen jendearen arabera, herriko frontoian edo kiroldegian egingo dute aitortza afaria eta antolatzaileek iragarri dutenez, «sorpresatxoak» ere izango dira afalostean.

Ikastola herrian txertatuta dagoen ikastetxea dela uste du Lazkanok eta horregatik, 50. urtemuga, herriko eragileekin ere ospatu nahi dute. «Herrigintza oso presente dago gurean, ikastolak komunitateari zerbitzua eskaintzen diola iruditzen zaigu eta gure ikasketa plangintzan islatuta dago hori. Ezinbestean herriarekin eta herriko eragileekin ospatu behar genuen urteurrena». Maiatzaren 4an, beraz, urtemugara batuko dira musika eskola, dantza talde, kirol elkarte eta kultura mailan herrian lanean ari diren eragileak eta elkarlanean, «egun handi bat» antolatuko dute.

Urteurreneko ekitaldiak borobiltzeko, ikasturte amaieran egin ohi duten ikastolaren eguna modu berezian antolatuko dute. Lazkanok azpimarratu duenez, «ikastolako komunitatea gaur egun osatzen dugunok egingo dugu festa berezia, barrura begira». Ikasturtean zehar, gainera, 50 urte hauek biltzen dituen infografia bat aterako dute eta ikastolaren materiala jarriko dute salgai. Datorren ikasturteari begira, mende erdiko historia eta aurten egingo dituen ospakizunak bilduko dituen liburua kaleratuko dute.

ERAIKIN BERRIA DU IKASTOLAK

Aipatutako hiru hitzorduekin batera, urteurreneko ospakizunei hasiera emateko ekitaldia ostiral honetan egingo dute, 16:00etatik aurrera. Orain arteko eraikinari erantsi dioten zati berriaren inaugurazio ekitaldia egingo dute. Nahiz eta lanak urrian amaitu ziren eta umeak bertan ari diren, atzeratu egin nahi izan dute ekitaldia, urteurreneko ospakizunekin bat egin dezan.

Behar ezberdinei erantzunez ekin diete ikastolako eraikinen eraldaketari. Eraikina bera, neurri handi batean, «zaharkituta» dagoela aipatu du zuzendariak eta ikasle kopuruak gora egin izana ere izan da obrari ekiteko beste arrazoietako bat. Bi eta hamasei urte bitarteko 400 ikasle eta 32 irakasle aritzen dira gaur egun Anoetako Herri Ikastolan, eta aurtengo ikasturtean, lehen aldiz, DBH osoa bikoiztua dute.

Ikastolan, pedagogia aldaketa bat ere eman dute azkeneko urteetan eta lan egiteko modu berriak nagusitzen joan dira pixkanaka. «Konfiantzaren pedagogia duela hiru urte ezagutu genuen eta etapa ezberdinetako irakasleok formazio saioak jaso ditugu. Iruditzen zitzaigun metodologian emandako urratsek, lotura zuzena behar zutela izan espazioaren eraldaketarekin». Guzti horren emaitza da, etzi inauguratuko duten eraikina. Aurrekoari itsatsita dagoen zatian, bi urtetik LHko 4. mailara bitarteko ikasleentzako espazioak egokitu dituzte.

«Hasiera bat baino ez da izan», esan du Lazkanok, «Lehen Hezkuntzako bosgarren mailatik aurrerakoentzat espazio komunak egokitu ditugu, baina, oraingoz ikasgeletan jarraituko dute. Gurea ikastola txikia da, eta gure ahalmen ekonomikoak lehen fase hau gauzatzea ekarri du. Hala ere, guk epe luzerako proiektua prestatu dugu eta etorkizunean, gastu honi buelta ematen diogunean, bigarren faseari ekingo diogu, LHko eta DBHko gainerako ikasgelak egokituz». 1,2 milioi euro inguruko inbertsioa egin dute lehen fase honetan.

«Herrian dagoen ikastetxe bakarra da ikastola eta horregatik diogu herri eskola dela. Ikasleko kobratzen diren kuotak oso baxuak dira, ikasle denek bertan lekua izatea nahi dugulako eta iruditzen zitzaigun ezin genituela gurasoak kargatu amesten genuen ikastola egin ahal izateko. Horregatik beste diru iturri batzuen bila jo genuen», esan du Lazkanok. Bederatzi urterako mailegua eskatu du Anoetako Herri Ikastolak inbertsioari aurre egiteko eta Eusko Jaurlaritzak emandako diru laguntzari esker, gastuaren heren bat estali ahal izango du. Beste heren bat Anoetako Udalak jarriko du.

Udalarentzat esker hitzak baino ez ditu ikastolako zuzendariak: «Une oro borondatea eta laguntza eskaini digute eta guk ezingo genuke aurrera egin haien laguntza gabe. Poza eta indarra ematen digu horrek. Udalak sinesten du ikastolan, badaki herri proiektu bat dela eta udal taldeak ulertzen du ikastolan inbertitzea, herrian inbertitzea dela». Hain zuzen, eraikin berria egiteko, 2008tik aterpeak okupatzen zuten tokia baliatu dute eta babesleku gabe geratu dira ikasleak patio orduan, baita gurasoak ere ume bila doazenean. Udalak, 2019ko aurrekontuan, aterpe berria egiteko diru sail bat gorde du. «Beste behin ere, udalaren eskuzabaltasuna eskertu behar dugu».

Ikastolako eraikin berria egiteko obra lagundu duten erakundeetako ordezkariak izango dira ostiraleko inaugurazioan. Protokoloa bete ondoren, ikasleak egingo dituzte gida lanak eta lan egiteko modu berriak azalduko dizkiete bertaratutakoei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!