Anoetako Mintzalagun egitasmoan parte hartzeko aukera dago

Ataria 2019ko urtarrilaren 17a

Mintza taldeak ere sortu nahi dituzte;Gurasolagun izenarekin, haur eta helduek elkarrekin euskaraz aritu ahal izateko.

Anoetako Udalak urte berriarekin batera badu asmo berria: «Herritarrak euskalduntzen eta alfabetatzen jarraitzea, eta herrian euskararen erabilera bultzatzea».

Hizkuntza ohiturak aldatzea norbere hautua eta ariketa bada ere, bidea taldean egitea «erosoagoa» dela esan du Anoetako Udalak. Horregatik, Anoetako Mintzalaguna egitasmoan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak. «Euskara praktikatu nahi baduzu, baina ez badaukazu norekin egin; edo, euskalduna izanda, euskaraz bizitzeko aukera berrien bila bazabiltza, hainbat proposamen dauzkagu zuretzat». Denbora libre, adin eta zaletasunen arabera, 5-6 laguneko taldeetan biltzeko proposamena egin dute, eta familientzat mintza taldeak ere sortu nahi dituzte, Gurasolagun izenarekin: helduek eta haurrek elkarrekin egiteko jolasak, txangoak eta tailerrak prestatu dituzte eta, oro har, Mintzalaguna egitasmoan parte hartzen dutenentzat ere egingo dituzte jarduera osagarriak, besteak beste, txangoak, tailerrak eta mintzodromoak.

Egitasmoaren inguruko informazio guztia www.mintzalagun.blogspot.com helbidean, edo andoain@aek.eus posta elektronikoan izango dute interesatuek. Baita 943 65 12 00 edo 662 132 558 telefonoetan ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!