Apirilaren 4tik 14ra, Garestik Gasteizera, Euskal Herri osoa zeharkatuko duen 21. Korrikaren harira, eskualdeko ordezkariek Tolosaldeko lehen batzordea egin zuten, asteartean, Anoetan. «Herrien arteko lehen hartu emana izan zen», esan du Aritz Peñagarikano Tolosaldeko Korrikaren koordinatzaileak. «Ibilbidearen non dik norakoak aipatzeaz gain, batez ere, euskararen aldeko lasterketa hauspotzeko egin litezkeen hainbat egitasmoen berri eman zuten bileran».
Datozen egunetan, herriko ordezkariek tokian tokiko udal zein eragileengana joko dute, eta herriko batzordeak eratuko dituzte, Peñagarikanoren esanetan, «kilometro banaketari, Korrika Kulturalari eta beste zenbait egitekori erantzuteko».
BATZORDEAK HERRIZ HERRI
Korrikaren helburuak bete daitezen, guztien ekarpena eta ahalegina beharrezkoak dira. «Denon parte hartzeaz lortuko dugu Euskal Herri euskalduna, eta guztion esku eta oinei esker eraman ahal izango dugu, euskararen lekukoa, Garestik Gasteizera». Ahalegin horretan, herritarren laguntza «estimagarria» izango dutelakoan dago Tolosaldeko Korrikaren koordinatzailea.
Horretarako bideetako bat, herriz herri antolatuko dituzten Korrika batzordeetan parte hartzea izango da. Datorren asteartean, urtarrilak 22, Tolosako batzordeak lehen bilera egingo du, kultur etxean; urtarrilaren 24an, berriz, Zizurkilgoak. Tolosaldeko Korrika batzordeak urtarrilaren 29an egingo du bigarren bilera, Anoetako udaletxean.
KORRIKA BATZORDEAK
Urtarrilak 22, asteartea
19:00. Tolosako Korrika batzordearen lehen bilera, Tolosako kultur etxean.
Urtarrilak 24, osteguna
18:30. Zizurkilgo Korrika batzordearen bilera egingo dute Atxulondo kultur etxean.
Urtarrilak 29, asteartea
Ordua zehazteko. Tolosaldeko Korrika batzordearen bigarren bilera egingo dute, Anoetako udaletxean.