Hizkuntzari buruzko bizipenak elkarrekin aztertzeko saioa ostiralean

Ataria 2019ko urtarrilaren 9a

Ostiralean, urtarrilak 11, 18:00etatik aurrera Anoetako udaletxean egingo da bilera, arnasguneen prebentziotik garapenerako urratsak aztertzeko.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea ekimen bateratua abiatzera doa Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin, udalerri euskaldunen garrantzia ikusarazteko. Azken urteotan, euskararen arnasguneak zaintzeko eta babesteko hainbat lan egin eta hainbat erabaki hartu da, baina areago joateko ordua iritsi eta prebentziotik garapenerako urratsak aztertzeko ordua iritsi da.

Aipatutako erakundeek hurrengo hilabeteotarako komunikazio ekimen zabala egitea aurreikusi dute, herritarrak arnasguneen garrantziaz sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko. Baina ekimen zabal hori egin aurretik, talde dinamikak egin nahi dituzte 8 herritan. Eta Anoeta izan da aukeratuetako bat, herri tipologia zehatz baten erakusle denez.

Beraz, ekimen honetan laguntzeko, Anoetan bilera egingo dute, ostiralean, 18:00etatik 19:30era, udaletxeko pleno aretoan. Mezu elektroniko bat euskara@anoeta.eus helbidera bidaliz, bilerara azaltzeko asmoa agertzea eskertuko dute antolatzaileek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!