Zergatik egin duzue 'What is bertsolaritza?' dokumentala?
Atzerrira bertsolaritza azaltzera joan garenean konturatu gara ez ditugula nahikoa baliabide horretarako. Euskal zinemaz edo euskal literaturaz hitz egiten dugu, baina bertsolaritzak gako asko dauzka, eta guk geuk euskal hiztunok ulertzen dugun kodea du. Horrek zaildu egiten du atzerrian bertsolaritza ezagutaraztea. Ikertzaileak edo bertsolariak kanpora joan direnean hutsune hori nabaritu dute, eta ikus-entzunezko honek hutsune hori bete nahi du: bertsolaritza zer den kanpoan azaldu nahi duenak tresna bat izatea, eta oinarrizko ezagutza bat ematea bertsolaritza ezagutzen ez duenari.
Ikus-entzunezkoaren jatorrizko gidoia ingeleraz egin genuen atzerrirako proiektu bat zelako, baina sarean dago dagoeneko euskaraz, gaztelaniaz, eta frantsesez azpititulatuta. Hogei minutuko ikus-entzunezkoaz gain, euskarazko hamar bertsoaldik osatzen dute lana eta ingeleraz, gaztelaniaz eta frantsesez azpititulatu ditugu. Dena sarean dago ikusgai Mintzolaren Ahozko Lantegiaren Youtube kanalean.
Nork hartu duzue parte?
Etxepare Euskal Institutuak eta Mintzola Ahozko Lantegiak erabaki zutenean ikus-entzunezko hau egitea, Bertsozale Elkarteko hedapen taldeari etorri zitzaigun enkargua. Urte osoan aritzen gara bertsolaritzaren sustapenean eta hedapenean lanean, eta nahiz eta jakintza eta baliabide teknikoak eskura izan, kanpora joan den norbaiten esperientzia falta zitzaigun. Horregatik jo genuen Xabier Payarengana. Paya asko ibili da munduan zehar bertsolaritza zer den azaltzen eta ibilian-ibilian eraiki du diskurtso bat horretarako. Esperientzia horretan oinarrituta egin du ikus-entzunezkoaren gidoia, eta behin hori eskuartean izanda, grabazioak eta edizio-lanak egiten hasi ginen. Haritz Arrizabalagak egin ditu edizio eta postprodukzio lanak, Larraitz Ariznabarretak jarri dio ahotsa, eta Maddalen Arzallus eta Nerea Ibarzabal izan dira aktore-bertsolariak.
Zer nabarmendu duzue dokumentalean?
Ikus-entzunezkoa hasten da Bertsolari Txapelketa Nagusiari buruz hizketan, iruditzen zaigulako Txapelketa Nagusia eta BECeko finala direla gaur egun bertsolaritzak Euskal Herrian duen arrakastaren adierazle, nahiz eta bertsolaritza hori baina askoz ere gehiago izan. Era berean, bertsolaritza bere testuinguruan jarri dugu: jendeak jakin dezan non egiten den eta zein hizkuntzatan; Euskal Herrian eta euskaraz egiten dela alegia. Jarraian, bertsolaritza definitu dugu: bertsolaritza komunikazioa da, baina berezi egiten duena da errimatua, kantatua eta neurtua dela. Bertsolaritza ezagutzen duen pertsona batentzat ere interesgarria da zertan oinarritzen den bertsolaritzaren konplexutasun hori. Zenbat erabaki hartzen ditu bertsolari batek bertso bat osatu aurretik? Sormen prozesu hori maila teorikoan azaldu dugu aurrena, eta gero Maddalen Arzallusek praktikan erakutsi digu.
Amaitzeko, Bertsozale Elkarteak bertsolaritzaren mugimenduari ere lekua egin nahi izan diogu: bertsolariak, bertso-eskolak, Bertsozale Elkartea...
Nola ikusten dute kanpotik, bertsolaritza?
Mintzola Ahozko Lantegia munduko beste kantu inprobisatuetan dabilen jendearekin harreman sarea osatzen ari da, eta 2017ko Txapelketa Nagusiko finala baliatu genuen ikus-entzunezkorako euren iritziak jasotzeko. Munduko beste inprobisatzaile askok musika-instrumentuz lagunduta kantatzen dute, eta atentzioa ematen die gurean hitzaren soiltasunak eta bertso arteko isiltasunak duten indarrak. Bestetik, esango nuke Bertsozale Elkartearen antolaketak, bere bueltan osatzen diren borondatezkoen batzordeek, azken finean, bertsolaritzak daukan oinarri horrek ere harritzen dituela.
Nolakoa izan da Etxepare Institutuarekin egindako elkarlana?
Etxepare Euskal Institutuaren helburuetako bat euskal kultura mundura zabaltzea denez, eta guk kultura egiten dugunez, naturala izan da elkarlana. Hau izan da lehenengo proiektua, baina baditugu elkartuko gaituzten lan ildoak. Horregatik, hitzarmen orokorrago bat sinatu dugu etorkizuneko proiektuei bide emateko.
FITXA
'What is betsolaritza?'
Zuzendariak. Eneritz Urkola eta Jon Agirresarobe.
Gidoilaria. Xabier Paya.
Erredaktoreak. Felix Irazustabarrena, Gaizka Azkarate eta Jexux Mari Irazu.
Ahotsa. Larraitz Ariznabarreta.
Bertsolariak. Maddalen Arzallus eta Nerea Ibarzabal.
Grafismoa. Hiru Damatxo.
Gidoilaria. Xenpelar Dokumentazio Zentroa.
Itzultzaileak. Ortzi Idoate eta Xabier Paya.