Plazan estalpea jartzea adostu dute

Jon Miranda Labaien 2019ko urt. 4a, 10:00

Elizako aterpetik plazaren beste aldera doan espazioak lortu du kontsentsu gehien herrian

Anoetan estalpe baten beharraren inguruan hausnartzeko parte hartze prozesua jarri du martxan udalak, azken hilabeteetan. Aztiker enpresak gidatu du prozesua eta hiru lan saio egin dira. Orain, herritarrek egindako ekarpenekin Nahikari Calleja herriko arkitektoa ari da proiektua lantzen. Aurki esku artean izatea espero dute udal ordezkariek.

Kontentu dago Anoetako alkatea herritarrek izan duten erantzunarekin: «Kontsentsura nahikoa azkar iritsi ginen lehen saioan. Euria zein eguzkia egiten duenean babesteko erabilgarria izango den aterpe baten beharra ikusi zuen jendeak, herrian egiten diren ekitaldiak eguraldiak baldintzatu ez ditzan». Gaur egun, Anoetan badira beste espazio batzuk, baina ez dituzte betetzen estalpeari eskatzen zaizkion funtzioak. «Frontoia, esate baterako, eskola pilota eta bestelako ekimenekin nahikoa beteta egoten da», esan du Estangak.

Behin lehen bilera amaituta, beste herritarrekin iritziak konpartitu ostean, hasierako ideia aldatu zutela adierazi zuten parte hartzaile batzuek eta oso ondo baloratu zuten iritzi trukea. «Ume txikien gurasoek parkea estaltzeko ideia ekarri zuten bilerara, baina berehala konturatu ziren beste behar batzuk ere bazeudela herrian». Beraz, ez da soilik umeentzako aterpea izango urte osoan zehar erabiltzeko espazio bat irudikatu dute herritarrek, helduek ere erabili ahal izango dutena.

Bigarren bilera batean estalpearen kokapen eta dimentsioen inguruan hitz egin zuten. Plaza inguruan behar zuela argi zuten parte hartzaileek. Bi aukera planteatu zituzten bigarren lan saioan eta elizako aterpetik plazaren beste aldera doan espazioak lortu zuen kontsentsu gehien. «Espazio aprobetxagarria da, azalera handikoa,  eta batez ere, ez du baldintzatzen gaur egungo plazaren erabilera». Inoiz zimiterioarekin bat egiteko aukera ere ematen du kokapenak, nahiz eta alkatearen hitzetan horrek gotzaindegiarekin negoziatu beharra ekarriko lukeen. «Saiatu gabe, hala ere, ez gara geratuko».

Prozesuak iraun duen denbora guztian, herritarrek ekarpenak egiteko formulario bat izan dute eskura Anoetako Udalaren webgunean. Gainera, bilera guztietako aktak eta erabili diren irudiak kontsultatzeko aukera izan dute atari horretan.

Modu horretara, azaroaren 28an egin zuten estalpearen ezaugarri eta materialen inguruan hausnartzeko bilera. Callejak bilera horretan aurkeztutako hiru aukeretatik hirugarrenaren alde egin zuten bertaratutakoek eta adostu zuten, burdina eta egurra konbinatzea aterpean. «Espazio arin bat irudikatzen zuten gehienek, argia sartzea ahalbidetuko duena eta elementu berdeak izango dituena», esan du alkateak. Hain zuzen, teilatuaren inguruan zentratu zen eztabaida azken bileran eta beste hainbat tokitako aterpeak jarri zituzten eredutzat. «Erreferentziala izango den espazio bat izango da, beraz, polita geratzea da nahi duguna». Arkitektoak aipatutako aukerekin azken proiektua landuko du eta bilera bat egingo da herritarrekin, adostutako emaitza aurkezteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!