Pertsonengan inbertitu nahi du Anoetako Udalak

Jon Miranda Labaien 2019ko urt. 4a, 08:00

Anoetan, 2019an, 2,6 milioi euroko aurrekontua izango du udalak, eta besteak beste, gaztelekua eta ikastolako berrikuntza lanak izango dira urteko inbertsio nagusiak

Aurtengo aurrekontua da, baina etorkizunean pentsatuta egindakoa. «Gerora gizarte hobea eta jasangarria nahi badugu, orain umeak diren horiengan inbertitu beharra dago», esan du Pello Estanga Anoetako alkateak. Ume horietako gehienak, 400 gaztetxotik gora, Anoetako Herri Ikastolan dabiltza gaur egun, eta ikastetxeko ordezkariek pedagogia proiektua berritu eta hobetzeko eginahalean, eraikinean aldaketa handiak egin dituzte. «Ikastola herriko hezkuntza eskaintza bakarra denez eta eraikina udalarena izanik, 1,2 milioi euroko obraren heren bat, 500.000 euro inguru finantzatzea onartu genuen», esan du Estangak. 2019ko aurrekontuan, esate baterako, 120.000 euro gordeko dituzte lan horietarako.

Konfiantzaren pedagogian oinarrituta, lehen aterpea zegoen tokian bi solairuko eraikin berria egin dute Anoetako Herri Ikastolan, espazio gardena da, igogailu eta guzti. Orain, ordea, estalpe gabe geratu dira eskolan: «Gurasoak ume bila joaten direnean aterpe gabe geratu dira, eta umeak ere, patio garaian euria egiten badu, kanpora ezin atera, eskola barruan geratzen dira». Horregatik, 2019ko aurrekontuan 150.000 euroko diru sail bat gorde dute, Anoetako Herri Ikastolan aterpe berria egiteko. Hitzarmena sinatua du udalak ikastolarekin, eta aterpea egiteko lanak lehenbailehen hasiko direla aurreikusten du Estangak.

Gazteleku berria

Joan den urteko abenduaren 17an aho batez onartu zuen 2019ko aurrekontua Anoetako Udalak. 2,6 milioi eurokoa izango da, iaz baina «dezente handiagoa» alkatearen esanetan: «Foru funtsaren ekarpena hazi egin da eta udalak Lasarbeko urbanizazioa egin bitartean bertako bizilagunei ostatu emateko erosi zituen babes ofizialeko bi etxebizitzak saldu eta diru hori udal altxortegira itzuli da». 

Hain zuzen, babes ofizialeko eraikin horren azpialdean kokatzen diren lokaletan egingo du udalak 2019ko inbertsio nagusienetako bat: gaztelekua. «Bere garaian egin zen parte hartze prozesuan erabaki zen espaziorik zabalenean kokatzea liburutegia eta ikasgela. Beste aldera geratzen den tokian erabilera anitzeko gela bat jartzea hobetsi zuten herritarrek, eta atzealdekoan, berriz, gaztelekua». Azkeneko bi espazio horiek atontzeko, 220.000 euro bideratuko dira aurten. 

Foru Aldundiaren Gaztematika programaren bitartez erabakiko da 16 urtetik beherakoentzat bideratutako espazioak izango dituen ezaugarriak. «Behintzat, gaztetxoek leku bat izango dute eskura eta begiraleen laguntzaz jarduerak egin ahal izango dituzte».

AURREKONTUA
Pertsonal gastua - 692.485 euro
Gastuak ondasun arrunt eta zerbitzuetan - 763.135 euro
Finantza gastuak - 900 euro
Transferentzia arruntak - 394.337 euro
Kreditu globala - 77.000 euro
Inbertsio errealak - 515.000 euro
Finantza aktiboak - 0 euro
Finantza pasiboak - 180.000 euro
GUZTIRA: 2.622.857

INBERTSIO NAGUSIAK

Gaztelekua egokitzea - 220.000 euro
Ikastolako aterpea - 150.000 euro
Ikastolako obra - 120.000 euro
Bestelakoak - 25.000 euro
GUZTIRA: 515.000

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!