Hizkuntza gutxituak nola biziberritu aztertzeko aukera, Anoetan

Jon Miranda Labaien 2018ko abe. 4a, 09:54

Garabideren Hizkuntza Biziberritzeko estrategiak ikastaroko kideak

Abenduaren 10ean, maputxeen hizkuntzaren biziberritzea hizpide duen Mai da bai dokumentala eskainiko dute Anoetan eta ondoren solasaldi bat egingo dute

Hamarkada bat bete du Garabide Gobernuz Kanpoko Erakundeak hizkuntza gutxituen arteko kooperazioa lanean eta hasieratik izan du bidelagun maputxeen komunitatea. Mai da bai (eta ezetzik ez dago) dokumentalak, ordu erdian mapuzugun hizkuntzaren egungo egoeraren berri ematen du. Txema Abarrategi Garabide elkarteko kidearen esanetan, «umeen artean ezagutza oso baxua da, adineko pertsonek erabiltzen dute gehienbat eta hirietan presentzia eskasa du, ofizialtasunik ez baitute; gainera, hezkuntza sarean presentzia oso urria du mapuzugun hizkuntzak». Egoera horren berri emango du Sergio Marinao maputxe komunitateko aktibistak datorren astelehenean, Anoetako Mikelasagasti aretoan, 19:00etan eskainiko duten dokumentalaren ondorengo solasaldian.

Bertan parte hartuko du Abarrategik: «Gu ere hortik pasatuak gara. Ez gaude harrokerietarako, baina hizkuntza berrindartzeko eta berpizteko hemen egiten ari garen prozesua, erreferentzia baliagarria izan daiteke beste batzuentzat ere». Bi urtez behin Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak aditu ikastaroa unibertsitate formazioa eskaintzen du Garabidek eta aurten, gutxitutako hizkuntza komunitateetako 20 lagun ari dira parte hartzen. Gehienbat Ameriketako herrietatik etorritakoak dira ikasleak, baina bada parte hartzaile amazigh bat eta beste kurdu bat ere.

«Esan beharra dago, gurea baino panorama latzagoa bizi dutela hizkuntza horietako askotan. Transmisio eten handi bat bizi duten hizkuntzak dira, non haur eta gazteek apenas hitz egiten duten». Horregatik, Garabideko kideen esanetan, euskara biziberritzeko Euskal Herrian daramagun prozesua eredu bat da, baina ez bakarra. «Beste komunitateetako kideak etortzen direnean, oso argitsu ikusten dute egoera, guztia lortua bagenu bezala. Gero hasten dira erlatibizatzen, hemen ere baditugun hutsune eta estropezuak ikusten».

EUSKARALDIAREKIN BAT

Aspaldiko kontua da euskararen biziberritze prozesua bidegurutzean dagoenarena. Abarrategik azaldu du: «Euskal Herrian gauza batzuk imajinatu genituen duela mende erdi. Batzuk lortu dira, eta beste batzuk ez; ez doaz pentsatu bezala. Erabilera eta ezagutzaren arteko amildegi hori badugu eta tarte hori gutxitu nahian antolatu da Euskaraldia. Aditu ikastaroan parte hartzen ari diren lagunek harriduraz eta interes handiz jarraitzen dute ariketa soziala. Astean behin euskaltegira ere joaten dira eta bakar batzuen aurrerapena ikaragarria da. Belarriprest txapa paparrean dutela dabiltza, entzuteko eta euskarari bide emateko pronto. Pozez bizi dute Euskaraldia eta bada beste herri batzuetan, era batera edo bestera, piztu daitekeen gar bat».

Esperientziak partekatzea da, azken batean, Garabideren ekimenaren helburua. «Hemen euskararekin bizi izan duguna, beste hizkuntza eta kasu batzuetarako egokitu daitekeen eta baliagarria ote den aztertzea». Saio teorikoez harago, hamaika bisita didaktiko egin dituzten hilabeteotan: tokiko hedabideak, hedabide nazionalak, hezkuntza sarea eta euskalgintzako hamaika eragile bisitatu dituzte. «Ateak parez pare zabaldu zaizkigu eta eskerrak eman behar ditugu».

JOAN ETORRIKO BIDAIA

Aurten, Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak aditu ikastaroan parte hartzen diren aktibistak, euren komunitateetara itzuliko dira abendu erdialdera, biziberritzeko proiektu bana besapean dutela. «Hilabeteotan egosten aritu diren asmoak, 2019an gauzatuko dituzte euren jatorrizko herrialdeetan, eta Garabideri, horren guztiaren jarraipena egitea dagokio», esan du Abarrategik. Irakaspena, ordea, bi norabideetakoa da eta euskara berreskuratzeko prozesuak ere badu zer ikasia beste esperientzietatik. «Hona etortzen direnek askotan galdetzen digute ea gure prozesua hizkuntzan bakarrik oinarritzen ote dugun. Hizkuntzak berekin dakarren kosmobisioarekin eta kulturarekin lotzen dituzte prozesuok eta horren falta sumatzen dute gurean».

Abarrategirentzat euskaldunok badugu zer ikasia beste komunitateek erakusten duten erresistentzia eta bizi poz mekanismoengandik. «Ikustekoa da kitxuak, guaraniak edota maputxeak zer nolako indarra duten, oso kontrako egoeratan ere nola eusten dioten hizkuntzari. Badugu zer aztertua haien antolamendu eta motibaziotik».

Hori bera transmititzen saiatuko da Sergio Marinao maputxea datorren asteleheneko solasaldian. Bertaratzen direnen galderak, iruzkinak eta ekarpenak bideratuko dira Mai da bai dokumentalaren ondorengo tartean. «Beste herrietan ere jardun dugu horrelakoetan eta oso ideia interesagarriak agertu dira. Inportantea da, guk geuk ere, komunitate modura, hizkuntza lankidetzarena gure agenda sozialean sartzea. Nekez etorriko zaigu laguntza Espainiatik, Ingalaterra edo Frantziatik. Beste komunitate txiki hauek dira gure inspirazio iturri».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!