Giza Eskubideen Nazioarteko Kongresua egin dute Anoetan

Jon Miranda Labaien 2018ko aza. 22a, 16:41

Anoetako Herri Ikastolako DBH1eko 49 ikaslek, Ekuador eta Hondurasetik etorritako 13 eta 16 urte arteko lau ikaslek eta Anoetako Udalak hartu dute parte, Mikelasagasti auditorioan egin den ekitaldian.

Jolas eta Ekin hezkuntza formal eta ez formalera zuzendutako Giza Garapen Jasangarrirako eta Herritartasun Globalean oinarritzen den aholkularitza eta sustapenerako zentroa da eta Serso San Viator, Gizakien Lurra eta Intered Fundazioak daramate aurrera, azkeneko bi urteotan baita Anoetako Herri Ikastolan ere. Eskolan lantzen dituzten hainbat gaietan giza eskubideen gaia txertatu dute DBH1eko ikasleek azken asteetan eta Honduras eta Ekuadorretik etorri diren ikasleen bisitak baliatu dituzte Giza Eskubideen Nazioarteko Kongresua antolatzeko.

Azaroaren 24ra arte Euskal Herrian egongo dira Ekuadorretik etorri diren Justin eta Amaru, Jefferson laguntzailearekin eta Hondurastik iritsi diren Ena eta Damari, Danilo laguntzailearekin. Euskal erakunde publikoekin bilerak egin dituzte azken egunetan eta elkarte eta eragile sozialei bisitak egin dizkiete. Gaur Anoetan bezala, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako beste hainbat ikastetxeetan ere egin dituzte saioak, giza eskubideen inguruan bizi duten esperientziaren berri emateko.

Jolas eta Ekin programaren koordinatzailea den Pello Sarasuak esan duenez, Honduras eta Ekuadorretik etorri diren gazteek indarkeriarekin zer nolako harremana duten azaltzen dute: "Hezkuntza sisteman nolakoa duten kontatzen dute, nekazaritza eta urarekin dauzkaten arazoak aipatzen dituzte eta batez ere umeen trafikoarekin bizi duten egoera azaltzen dute". Ekuadorretik etorri den Jeffersonen egoera da horren adibide. 12-13 bat urterekin hasi zen igeltsero bezala eta egunean 10-12 ordu egiten zituen lan. Gerora konturatu zen egoera hori giza eskubideen kontrakoa zela eta kontzientzia hartuta jende gazteagoarekin ari da lanean ordutik. Euskal Herrira Justin eta Amarurekin etorri da, esate baterako. Sarasuak esan duenez, "herrialde hauetan jende gazte asko eramaten dute atzerrira, familietatik urruntzen dituzte eta bizitza hobearen promesa egiten diete, gero esplotatzeko".

Ikastea bera ere borrokatu egin behar izaten dute pobretutako hainbat herrialdeetan. Hondurasetik etorri den Damarik kontatu du astean behin bakarrik joaten dela eskolara, etxetik oso urrun geratzen zaiolako. Saioa jasotzen duten egun horretan ikasgai ezberdinak lantzen dituzte eta aste osorako etxeko lanak ematen dizkiete. "Hango gazteek borrokatu egin behar izaten dute hezkuntza jaso ahal izatea, eta hemengo ume askok berriz, eskolara etortzea obligazio bezala ikusten dute. Handia da bi ikuspegien arteko talka", nabarmendu du Sarasuak. 

Azkeneko asteetan Jolas eta Ekin programarekin horretan jarri dute arreta, nahiak eta eskubideak bereizten lagundu diete Anoetako Herri Ikastolako DBH1eko ikasleei. "Hemengo gazte askok askotan erabiltzen dute eskubide hitza nahi duten hori adierazteko, baina eskubideak obligazio batzuk ere badakartza, eta hori da adierazi dieguna". Bi gelatan banatuta Anoetako ikasleek, besteak beste udako solstizioa landu dute aurten eta genero indarkeriaren inguruan ere hausnarrean ibili dira. Euskararen egoera ere helarazi diete Honduras eta Ekuadorretik etorritako ikasleei eta Euskaraldia zer den esplikatu. Ekuadorreko ikasleei oso interesgarria iruditu zaie esperientzia, kitxua hizkuntzarentzako ere erabilgarria. "Deigarria da hain urrun dauden bi herrialdek antzeko arazoak izatea", esan du Sarasuak.

Hori da Jolas eta Ekin programarekin lortu nahi dutena: "Ikasgaietan lantzen dena lokalarekin, ingurunean gertatzen denarekin lotu, herri mailan eragiteko eta liburuetan dagoena kalera ateratzeko. Aldi berean, kasu honetan bezala, kanpokoarekin konektatu nahi izan dugu. Udala eta ikastetxea irudikatzen ditugu herrian elkarrekin gauzak egiten eta orain arte esperientzia txikiak baina politak atera dira".

Esperientzia horietako bat bizi izan dute Anoetako Giza Eskubideen Kongresuan. Honduras eta Ekuadorreko ikasleei harrera egin diete kalejira batekin eta ondoren agurra dantzatu. Kongresuaren amaieran, Anoetako ikasleek ekarritako pintxoak dastatu dituzte elkarrekin, ekitaldiari amaiera emanez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!