Ondarea da Anoetako emakumeen emaria

Jon Miranda Labaien 2018ko aza. 6a, 17:03

Astelehenean, adineko emakume anoetarren testigantzak jasoz, ordu erdiko ikus-entzunezkoa eskaini zuten Mikelasagasti auditorioan.

Ixabel Berasategi, Paula Iturralde, Gregori Agirrezabala, Maritere Ugartemendia, Francisca Davila, Pakita Garmendia, Elena Lope de Argote, Pauli de Rojas, Juani Zinkunegi, Pilar Gorostegi, Maria Kortajarena, Esther Zelaia eta uztailean zendu zen Bittori Goenaga. Izena dute eta izana aitortu die Anoetako herriak. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Europar Batasunarekin lankidetzan, Ondarearen Europako jardunaldiak antolatzen ditu urtero, eta aurten, ondasun kulturalak sortu, zaindu eta transmititzeko garaian emakumearen eginkizuna ikustaraztea izan da helburua. Ondarea, emakumeen emaria izena jarri diote eta aurretik daramaten lana baliatu dute Anoetan proiektuarekin bat egiteko. Anoetan jaio edo bizi izan diren adineko 13 emakumeren testigantzak ordu erdiko bideoan laburbildu dituzte eta astelehenean jendaurrean aurkeztu, Mikelasagasti auditorioan.

Emaria eta hitz jarioa badute. Suelto aritu dira hizketan Elena eta Pauli hilekoa lehenengo aldiz jaitsi zitzaienean eraman zuten ezustezkoaz; Amak hasitako lixiba nola bukatu behar izan zuen kontatzen du Mariterek; eta umorez, San Juan festa batzuetan euritan dantzan hasi eta parrokoak musikariak nola zigortu zituen gogoratu dute Estherrek eta Juanik.

Barre artean jaso zuten protagonistetako askok bideoan jasotakoa. Eguraldiak gehiegi lagundu ez arren, sasoiko zeuden emakumeak gerturatu ziren astelehenean Mikelasagasti auditoriora. 80 urteren bueltakoak asko eta ederki pasatakoak beste asko. "Ikaragarri eskertuta daude eta baita gu beraiekin ere", esan du Josune Eizmendi, udaleko parekidetasun eta ongizate zinegotziak.

2015etik ari dira Anoetan adineko pertsonen testigantzak jasotzen. Udalaren eskariz, herritarrak ari dira lan hori burutzen: Nekane Peñagarikano ari da elkarrizketak bideratzen eta grabazio eta editatze lanak Ane Urkolak hartu ditu bere gain. "Beraien ekarpenik gabe, ezinezkoa izango litzateke lan hau egitea", esan du Eizmendik. Testigantza berriak jasotzen dituzte urtero Anoetan eta bildutakoarekin ikus-entzunezko lan bat prestatu eta udaletxeko pleno aretoan eskaintzen dute. "Aurten, emanaldi osagarri bat antolatu nahi izan dugu. Gipuzkoako Foru Aldundiak aurrera daraman proiekturako galdezka etorri zitzaizkigunean, hemen Anoetan, altxor txiki hori bageneukala erantzun genien eta egindako lanetik abiatuta, ordu erdiko dokumentala osatu dugu, 13 emakume hauek protagonista bezala hartuta".

Ezkutatuta edo kontuan hartu gabe izan dituzte emakume hauen hitzak urte luzeetan zehar. Testigantza hauetan emandakoa itzuli nahi izan zieten belaunaldi gazteagoko emakumeek asteleheneko ekitaldian, arrosa banarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!