«Txapelketak irauten duen egunetan profesionala sentitzen zara»

Asier Imaz 2018ko aza. 2a, 16:28

13. Munduko Txapelketa jokatu du Maider Mendizabalek (Anoeta, 1977). Paleta argentinarrean, zilarra lortu du anoetarrak Amaia Irazustabarrenarekin bikotea osatuz.

Txapelketako beteranoenetakoa zara. Ezagun askok jarraitzen al dute zure erritmoa?

Beteranook azkenean edozer gauza egiten dugu, eta ez naiz bakarra hor jarraitzen duena. Argentinan bi edo hiru zeuden, Frantziarekin pixka bat gehiago eta Mexikon ere bai.

Finala bukatu ondoren zilarrezko dominak ez zuen ezer asko balioko, finala nola joan zen ikusita. Orain, ordea, pisu gehiago izango du.

Finalean oso maila kaxkarra eman genuen. Beraiek oso ondo jokatu zuten, hori egia da, baina guk ez genien aurka egin. Sentsazio gazi-gozoa da: horrenbeste denbora prestatzen pasa, finalera iritsi eta gurea ez ematea. Finalerdi handia jokatu genuen mexikarren aurka. 2014an beraiek irabazi zuten Munduko Txapelketa, eta haiek kaleratzea ondo jokatuz izugarrizko poza izan zen. Finala, berriz, beste batean izango da.

Horrek esan nahi du Maider Mendizabalek oraindik ez duela esan azken hitza.

Fisikoki, haurrekin eta guztiarekin moldatzen naizen bitartean ez dut ezer baztertzen. Datorren urtean Munduko Kopa jokatuko da trinketean. Aspaldi ez naizela ibili, baina agian animatuko naiz. Hemendik bi urtera, berriz, paleta gomako Munduko Kopa jokatuko da, 30 metroko frontoian. Batean ez bada bestean ateratzen saiatuko naiz. Gaur egun, Munduko Txapelketan egoteko kopan lortu behar duzu txartela.

Bartzelonakoa nolako esperientzia izan da?

Ona. Egun horietan goi mailako kirolaria sentitzen zara; fisioterapeuta ere bagenuen. Munduko Txapelketa bukatzean berriro errealitatera itzultzen zara. Gero, etxetik gertu direnean bereziak izaten dira, ingurukoek joateko aukera gehiago izaten dutelako. Aurtengoan, lan mediatiko handi bat egin dutela ikusi dugu. Nazioarteko federazioan presidente berria dago eta pilota olinpiar jokoetara eraman nahi du. Horretarako gauza asko egin beharra dauzka, baina hor dabilela ikusten da, gauzak aldatzen.

Finala Espainiak eta Frantziak jokatu zuten. Zuek, gipuzkoarrak eta lapurtarrak zineten.

Aspaldiko kontua da hori. Nire ustez urte askoan ez da Euskal Selekziorik egongo. 2002an Euskadiko Federazioak Espainiakotik ateratzea erabaki zuen. Gaur egun ez dago harremanik. Euskadiko Federazioa ez da ezer egiten ari. Hor egon zen boom bat, Euskal Selekzioari Bai, Esait eta abarrekin. Ia ez da ezer geratzen. Eusko Jaurlaritzak ere egin zuen saiakera bat; hori ere ezerezean geratu zen. Erabaki politiko bat da dena, eta politikoek nahi ez duten bitartean beste guztiak alperrik gabiltza. Gizartearen aurrean oso polita geratzen da Euskal Selekzioaren aldeko gauzak esatea, baina azkenean zerbait nahi baldin baduzu dagoenarekin joan beharra daukazu. Euskal Selekzioa ez da existitzen gaur egun. Lau txapelketa egiten dituzte benetakoak ez direnek. Etorkizun iluna dago interesatzen ez zaileko. Interesa egongo balitz lortzea egongo litzateke, baina ez da horrela. Agian nire alabak ezagutuko du. Niri ez dit inongo graziarik egiten Espainiaren izenean jokatzeak, baina goi mailan lehiatu nahi baldin badut ez daukat beste aukerarik. Profesionalak izango bagina agian ez nintzen munduko txapelketa batera joango, baina nire helburu nagusia goi mailako partidak jokatzea da eta ez daukat beste aukerarik. Aspaldiko kontuak dira hauek, eta kirolariok asko sufritu dugu horrekin. Presio handia jasan dugu urte askotan alfer-alferrik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!