Prozesu parte hartzailea abiatuko dute Anoetan, estalpe baten beharra aztertzeko

Jon Miranda Labaien 2018ko urriaren 24a

Hiru bilera egingo dituzte guztira, eta lehena larunbatean, urriaren 27an izango da, 11:00etatik 13:00etara udaletxeko pleno aretoan. Gune estalien kokapen eta erabilerari buruz hitz egingo dute.

Anoetan estalpe baten beharra ote duten hausnartzeko partaidetza prozesua jarriko du martxan udalak. Prozesuan hainbat galderari eman nahi diote erantzuna: Zeintzuk dira gaur egun estalita dauden guneak? Zeintzuk dira gune horien ezaugarriak? Zein da gaur egun ematen zaien erabilera? Nortzuk erabiltzen dituzte? Norentzat behar da estalpe bat? Zein erabilera eman nahi diogu? Zein estalpe mota nahi dugu? Zertarako? Non jarri nahi dugu? Estalpe bat egiteak zer ekarriko dio herriari?

Prozesu osoa online jarraitzeko aukera izango da www.anoeta.eus atarian. Bertan egindako saio guztien eskema eta aktak argitaratuko dituzte eta nahi duenak bere proposamena egin ahal izango du, formulario bat beteta.

Ahalik eta parte hartzaile gehien egotea komeni dela aipatu du udalak, hausnarketa eta emaitza aberasgarriagoak izan daitezen herriarentzat.

Larunbatean, urriaren 27an egingo duten bileraren ondotik, azaroaren zehar beste bi bilera egingo dira. Batean, balizko estalpe berriak izan beharko lituzkeen ezaugarri eta kokapenaren inguruko eztabaida egingo da eta bestean aukeran dauden proiektu/ideia ezberdinen artean erabakitzeko lan saioa egingo da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!