Anoetako baserriak, hurrengo urteko egutegirako

Tolosaldeko Ataria 2018ko urr. 19a, 10:31
Irudian, Anoetako Sarobe baserria

Datorren urteko egutegia osatzeko argazki lehiaketa antolatu du Anoetako Udalak. Herriko baserrien eta bertan ekoizten diren produktuen irudiak bidali beharko dira, azaroaren 9a baino lehen.

Anoetako baserrien eta bertan ekoizten diren produktuen argazkiak bidali beharko dira lehiaketan parte hartzeko, baina horrekin batera, herriko esaera zahar bat, hitz joko bat edota errimatxo bat aurkeztu beharko da, argazkiarekin lotura duena.

Anoetan erroldatutakoek eta Herri Ikastolako ikasleek parte hartu ahal izango dute lehiaketan, bakarka, eta bakoitzak hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu, gehienez.

Argazkiak, formatu digitalean aurkeztu beharko dira, eta gutxieneko kalitatea izan beharko dute. CD edo USB batean –ondoren itzuli egingo da USBa– aurkez daitezke, udaletxean bertan. Posta elektronikoz bidaltzeko aukera ere izango da, euskara@anoeta.eus-era idatziz. Argazkiekin batera, kokalekua, egilearen izen-abizenak, telefonoa eta helbide elektronikoa ere gehitu beharko dira.

Argazkiak aurkezteko epea azaroaren 9an amaituko da, 12:00etan, eta hortik aurrera bozketa herrikoia abiatuko dute saridunak aukeratzeko.

Orotara zortzi argazki sarituko dituzte, bakoitza 50 eurorekin. Lehenengo epaimahai batek aurretiko aukeraketa egingo du, eta gero herritarrek izango dute gustukoenak hautatzeko aukera. Epaimahaiaren galbahea pasatzen duten argazkiak Abraham Olano kiroldegian eta www.anoeta.eus webgunean jarriko dituzte ikusgai, azaroaren 19tik 29ra, eta orduan bozkatu ahal izango dute herritarrek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!