Karlos Apeztegiaren atxiloketa salatu du Anoetako Sortuk

Tolosaldeko Ataria 2018ko urr. 17a, 12:18

Honako agiria kaleratu du atxiloketa salatuz Anoetako Sortuk:

Espainiako Gobernua eta Guardia Zibila tematuta daude jendeak kartzelaldia kosta ala kosta luzatzeko edo jendea berriro ere auzipetzeko. Horretarako era guztietako trikimailuak darabiltzate: lehenago Parot doktrinarekin saiatu ziren, gero zigorrak ez metatzearekin; orain, berriz, mendeku-gose amaiezinez, paper frantsesen kontuari heldu nahi diete. Edozein kartzelaldik ez ditu asetzen: Apeztegiaren kasuan 22 urte eman ditu kartzelan, baina ez omen da aski.

Gorazarreekin, txiolariekin, kontuak bahitzearekin, preskripziorik ez gertatzeko sumario berriak irekitzearekin eta abarrekin darabilten izugarrizko tentuak ez du inolako zerikusirik beste delitu aurrean darabilten inpunitatearekin (gerra zikina, tortura, ustelkeria...).

Apeztegia lehenbailehen aske uzteko exijitzen dugu, eta espero dugu operazio honek jarraipenik izan ez dezan. PSOEren Gobernuari exijitzen diogu gatazka konpontzeko enfoke politiko-judizial berria aplika dezala mendekua albo batera lagata.

Herri honen gehiengoaren kontra, Espainiako erresumako hainbat sektorek ez dute bakean eta bizikidetzan aurrera egin nahi. Iraganean ataskatuta daude, ez dutelako agenda demokratikorik; demokrazian ahul sentitzen direlako. Gerran eroso sentitzen dira, indarkeriarik gabe ez baitira ezer.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!