Euskal Jaia ospatzen ari dira Anoetan

Irati Saizar Artola 2018ko urr. 14a, 15:31

Hamaikagarren urtez jarraian antolatu dute Euskal Jaia; aurten, ahozkotasuna hartu dute ardatz, eta gai horren inguruan antolatu dute eguna.

Herriko txistularien kalejirak eman dio hasiera Anoetako Euskal Jai egunari. Eguraldiak lagundu ez duen arren, festak ez du hutsik egin, eta frontoia moldatu dute azoka jarri eta beste ekitaldiak egiteko. Urtero, gai baten bueltan antolatzen dute eguna, eta aurten, ahozkotasunaren inguruan egin dute. Hala, eguerdian, ahozko ondarearen transmisioa irudikatzeko ekitaldia egin dute: bertsotan, kantuan, eta Anoetak urte guzti hauetan izandako bilakaera azaltzeko kontuetan aritu dira hainbat herritar.

Bien bitartean, inguruko baserritar eta artisauek azokako postuak jarri dituzte eta ardo dastaketa ere egin dute. Eguerdian, herri bazkaria egin dute, eta menua ahalik eta gertukoena izan dadin saiatu dira, horretarako, herriko baserritarren eta Euskal herriko ekoizleen produktuak erabili dituzte. Eguna borobiltzeko, bertso saioa izango da 18:00etan Bidegain etxean, eta bertsotan Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Iker Zubeldia eta Anjer Mari Peñagarikano arituko dira. Ondoren, Kupela taldeak erromeria eskainiko du eta Anoetako talogileek egindako taloez gozatzeko aukera izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!