Ahozkotasuna landuko dute aurtengo Euskal Jaian

Jon Miranda Labaien 2018ko urr. 11a, 09:15

Anoetan igandean egingo da jai eguna inguruko ekoizleen azoka erdigunean jarrita, baina aurrez, ekimenak egiten ari dira ahozkotasuna ardatz hartuta

Bere tokia irabazia du Euskal Jaiak Anoetan. Hamaikagarren edizioa izango da aurtengoa eta arrakastaren oinarrian herritarren parte hartzea dago. Hamabost bat lagunez osatutako batzordea aritzen da ia urte osoan jaia prestatzen eta igandeko eguna antolatzen ehun lagun inguruk jardungo du, auzolanean, borondatez. «Ez da udaletik ateratzen den jai bat, udala parte da, baina herritarren artean osatzen dugu egitaraua», esan dute batzordeko kideek. Urtero Euskal Jaia gai baten bueltan antolatzeak ere mesede egiten duela aipatu dute, «jende ezberdinengana jotzea eskatzen duelako eta bizi handia ematen diolako egunari». Aurten, ahozkotasunaren inguruko lanketa egin dute.

Hizkuntzaren transmisioan bakarrik ez, kultura eta lehen sektorearekin lotutako jakintzen transmisioan ahozkotasunak erabateko garrantzia izan du. Horregatik erabaki dute aurten egin duten lanketarako ardatz hartzea: «Euskal Herriaren nazio eta herri izaera aldarrikatzeko antolatzen dugu jaia, baina ez dugu folklorismoan erori nahi, edukiz bete, herriko baserriak plazara atera, erdigunera ekarri eta sektorea ikustarazteko baliatzen dugu eguna».

Azkeneko bizpahiru urteetan Euskal Jai egunaz harago eraman dute egitaraua eta aurten ere ahozkotasunaren ingurukoak antolatu dituzte. Pello Errota bertso sariketaren kanporaketa saioa izan zen aurreko ostiralean Mikelasagasti auditorioan eta Mundu bat ahoz aho dokumentala eta solasaldia izan ziren astelehenean. Bihar, Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik Bakean dagoenari bakean utzi bakarrizketa eskainiko dute Zimiterioan eta 2zio taldeak kontzertua eskainiko du plazan, larunbat arratsaldean.

Aurreko urteetan, Euskal Jaiaren barruan aukeratutako gaiarekin erakustoki bat atondu izan dute plazaren erdian. Aurten, ordea, ahozkotasuna gai «immateriala» izanik, eguerdian egiten den ekitaldia baliatuko dute bertsoa, kantua eta kontularitza baliatuta, ahozko ondarearen transmisioa irudikatzeko: «Herritarrek antzeztuko dute eta lau hizlari ariko dira, Anoetak urte hauetan guztietan izan duen bilakaera irudikatuz». Bertsoak ere izango du partea igandeko egitarauan, 18:00etan Bidegain etxean ariko baitira Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Iker Zubeldia eta Anjel Mari Peñagarikano. «Esan dezakegun bakarra da ez dela ohiko bertso saio bat izango, berezi joango da».

BERTAKOA KONTSUMITU

Igandean 10:00etan zabalduko da baserritar eta artisauen azoka eta 25 postu baino gehiago izango dira Anoetako plazan. Herriko Sarobe, Barrundi, Argindegi eta Etxeberri baserriek eta Anoetako Otero pilotagileak izango dute azokan tokia, Gipuzkoa eta Nafarroatik etorritako beste hainbat artisau eta ekoizleekin batera. «Gure azoka txikia da eta helburua ez da ahalik eta handiena izatea, bizitasuna eta ekoizleentzat salmentak bermatzea da gure asmoa». Horretarako, egunotan, herriko saltokietan erosketak egin dituztenek, zozketa batean parte hartzeko aukera izan dute. Irabazleek, igandeko azokan, Anoetako ekoizleen postuetan 15 euro gastatzeko bonuak eskuratuko dituzte.

Herriko eragileak ere presente egongo dira Euskal Jaian. Anoetako Herri Ikastolakoek ikas bidaiarako pintxoen salmenta egingo dute eta Ezkutuko haziak proiektuaren bitartez, basoaren zati bat erakutsiko dute plazan. Umeekin gaiaren inguruko tailer bat egiteko asmoa dute igande goizean. Herriko Anitz dantza taldeak ere materiala jarriko du salgai eta jatorri ezberdinetako Guretzako emakume taldeko anoetarrek, gozogintza postua izango dute azokan.

Eguerdian egingo den herri bazkarian ere, «koherentziari» eutsi nahi izan diotela aitortu dute Euskal Jai batzordeko kideek: «Kontsumitzen dena ahalik eta gertukoena izan dadin saiatzen gara, herriko baserritarren produktuak eta Euskal Herriko ekoizleenekin osatzen dugu menua eta pixkanaka, elikadura burujabetza deitzen zaion horretatik geroz eta gertuago gaude».

Igandeko jai eguna borobiltzeko, bertso saioaren ostean Kupela taldeak erromeria eskainiko du eta Anoetako talogileek egindako taloez gozatzeko aukera izango da. Antolakuntzak baserritarrez jantzita joateko eta erosketa poltsa eramateko deia luzatu die Euskal Jaira gerturatzeko asmoa duten herritarrei.

XI. EUSKAL JAIA ANOETAN

Urriak 12, ostirala

22:30. Bakean dagoenari bakean utzi bakarrizketa Zimiterioan, Mirari Martiarena eta Idoia Torregarairen eskutik.

Urriak 13, larunbata

19:00. 2zio taldearen kontzertua plazan.

Urriak 14, igandea

Euskal Jai Eguna

09:30. Herriko txistularien kalejira.

10:00 - 14:00. Baserritarren eta artisauen azoka.

12:00. Ekitaldi antzeztuta: Anoetaren historia.

Jarraian. Ardo dastaketa.

14:00. Herri bazkaria.

18:00. Hitz neurtuan jolas bertso saioa: Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Iker Zubeldia eta Anjel Mari Peñagarikano.

Ondoren. Kupela taldearen erromeria eta Anoetako talogileak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!