Historiaurreko Euskal Herriko ustezko lehen hiri planoa aurkitu dute Basagainen

Ataria 2018ko uzt. 13a, 15:34

Harlauza baten gainean egindako trazu linealak ditu Anoetan aurkitutako piezak, gainazala bitan banatzen duten bi lerro paralelo, eta alboetara zabaltzen diren laukiak dituelarik. Xabier Peñalver arkeologoak eman du aurkikuntzaren berri.

Historiaurreko Euskal Herriko lehen hiri planoa izan daitekeena aurkitu dute Anoetako Basagain herrixkan. Iazko indusketetan aurkitu zuten harlauza. 36,5 eta 29,5 zentimetroko neurriak ditu luze-zabalean, eta 3,5-4 zentimetro arteko lodiera. Harriaren erdian kale edo pasabide bat ikusten dela diote Xabier Peñalver arkeologoak eta bere taldeak eta alboetan etxebizitzak ikusi ahal direla, bata bestearen jarraian.

"Basagaingo harrietan egindako trazadura linealek erakusten dute bertako biztanleek konplexutasun eta abstrakzio maila handia zutela, eta agertzen diren mezuek, oraingoz argi eta garbi itzuli ezin badira ere, interes handiko mundu bat iragartzen dute", esan du aurkezpenean Peñalverrek berak.

Gaur eman dute aurkikuntzaren berri eta bertan izan da Denis Itxaso Kultura diputatua. "Indusketa lan hauei esker, handitzen joan da giza egonleku ezagunen multzoa eta horien gaineko ezagutza. Informazio honek balio du, besteak beste, kontrastatzeko erromatarrek eman nahi izan zuten ideia, jende basati eta garatu gabearena”, esan du.

Konplexutasuna

Orain arteko indusketetan "ebakidura zuzenak" dituzten harlauza zati ugari aurkitu izan dituztela esan dute aurkezpenean. "Dekoratutako estela batzuk ere baditugu, eremu gotortuaren sarrera izan zitekeen lekuan ia lerrokatuta aurkitu direnak. Estela horietako batzuk dituzten erretikulen irudikapena edo bestelako trazuak, kasu hauetan, esku hutsez eginak daude", esan du arkeologoak. Aurkikuntzen artean, ordea, gaur aurkeztu duten harlauzak berebiziko garrantzia du. "Estela horiez gain, nabarmentzekoa da, bere konplexutasunagatik, pusketa txiki bat, non segidako faseetan egindako lerro mordoak gurutzatzen diren modu ordenatuan. Kasu honetan, trazu horiek euskarri zuzen batean bermatuta egin dira", esan du Itxasok. Oraingoz, ez dakite zer helburu zuten estela horiek herrixkaren leku horretan, baina, badirudi egileek konplexutasun mental handia zutela.

Aurkikuntza hareharri triasikoko harlauza batean aurkitu dute. Harlauzaren aldeetako bat guztiz grabatuta dago, eta azalera hori bi zati berdintsutan banatuta dago bi lerro paraleloen bidez, piezaren luzeraren noranzkoan. Alde banatan banda errektangeluarrak daude marraztuta, batzuetan zerrenden bidez bereizita daudenak. Banda horietan, edo ondo zehaztutako espazio horietan, noranzko ezberdinetan egindako zeharkako grabatu zuzenak daude, eta espazio horietako batzuk X batez markatuta daude bereziki.

Konparazio lan ugari egin ondoren, Peñalverrek interpretazio hipotesi bat aurkeztu du aldaeraren batekin. "Uste dugu harlauza horretan irudikatzen dena Basagain herrixkaren zati baten oinplanoa dela; ardatza edo kale nagusia alderik alde zehaztuta dago, eta alde banatan etxebizitzak izan daitezkeenak irudikatuta daude, beren artean ondo bereizita. Seinaleek, eta (X) marka batzuek, azpimarratzen dute irudikapenaren zati horien indibidualizazioa".

Trazatu horrek, baldin eta erdiko kale baten alde banatan lerrokatutako etxeak dituen hiri-plano bati badagokio, antzekotasunak dauzka, besteak beste, Guardiako La Hoya eta Nafarroako Cortesko herrixketan jasotako hiri egiturekin, eta horrek indartu du lehen hiri planoaren hipotesia.

Beste hipotesi bat ere planteatu dute, hala ere; lursail bereizien irudikapena izatea, non marka desberdinen bidez adierazita dauden jabetzak, labore motak edo bestelako alderdi batzuk. Herrixkaren alderdiren baten irudikapena izango balitz, garai hartako kasu bakarra izango litzateke orain arte.

Udalaren harridura

Bigarren Burdin Aroko giza egonleku bat da Basagain, aroa aldatu aurreko azken mendeetan leku horretan dokumentatuta dagoena; alabaina, berriki egindako aurkikuntza batzuek luzatu egiten dute egonleku horretako bizitza gure aroaren lehenengo uneetaraino. 25 urte dira Xabier Peñalver eta Eloisa Uribarri arkeologoek indusketa lanak egiten dituztela bertan, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Anoetako Udalak babestuta.

Ondarea zaintzeko eta babesteko Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza bat baliatuta, iaz 57.000 euroko inbertsioa egin zuen Anoetako Udalak, herrixkaren eremuaren inguruko hamar metroko perimetroko lurrak erosi, egokitu eta informazio panelak jarriz. Azken urteetan, erakundeen arteko lankidetza eman den arren, Pello Estanga alkateak ez du horrelakorik atzeman azkeneko aurkikuntzaren harira: «Ustekabean eta sorpresaz, prentsaren bitartez jakin dugu albistearen berri. Faltan botatzen duguna da Anoetako Udala jakinaren gainean jartzea eta kontuan hartzea albiste hau ematerako garaian».

Basagain aintzindari

Herrixkako eremu ezberdinetan berreskuratutako material ugariren artean, nabarmentzekoak dira burdinaren metalurgia jarduerarekin zerikusia dutenak; hala, etxebizitzak, nekazaritzarako lanabesak, armak eta apaingarriak egiteko erabilitako pieza metalikoak aurkitu dira, baita zepa ugari ere, egiten zuten burdin lanketaren berri ematen dutenak.

Basagain altueran gotortutako herrixketako bat da eta erromatarrak iristean erabateko aldaketa eman zen. Duela 25 urte, Burdin Aroko kastro bakarra ezagutzen zen, Intxurrekoa, Tolosa eta Albiztur artean. Gerora aurkitu zituzten Buruntza Andoainen, Muru Eskoriatza eta Aretxabaleta artean, Moru Elgoibarren, Murumendi Beasainen, Muñoaundi Azpeitian eta Azkoitian, Akutu Beizaman, eta baita Anoetako Basagaingoa ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!