Anoetak ozen esan du: «Arrazakeria eta islamofobiari ez!»

Ataria 2018ko ekainaren 28a

Larunbatean Anoetako denda batean gertatutako eraso islamofoboa salatu zuten, atzo, dozenaka herritarrek, plazan.

Erasoa herriko denda batean gertatu zen, hilaren 23an. Anoetar batek herriko emakume marokoar bati terrorista deitu zion –bere bi semeen aurrean– bere janzkeragatik.

Eraso hori gaitzesteko elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean herriko plazan, Ana Yurd Elkarteak, Anoetako Emakume Taldeak eta Anoetako Udalak deituta, eta aldarrikatu zuten inguruan ez dutela «horrelako jarrera arrazista eta islamofoborik onartuko».

Horrez gain, salatu zuten ez dela horrelako erasoak gertatzen diren lehen aldia, ez Anoetan ezta Euskal Herrian ere: «horrelako jarrerak gure bizitzako hainbat esparrutan jasaten ditugu behin eta berriro jatorri desberdinetakoak izateagatik. Herritar bezala, denok bat egin behar dugu horrelako jokabide eta aurreiritziei aurre egin eta elkarbizitza parekide eta inklusibo bat lortzeko», adierazi zuten.

Horrelakoak gertatu bitartean, desagertu arte lanean jarraituko dutela esan zuten eragileek.

Festak aztergai

Bestalde, herriko festak genero ikuspegitik aztertzeko bilera bat antolatu du Anoetako Udalak. Astelehenean, uztailaren 2an, izango da, 18:30ean udaletxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!