Mintzalagun eta Gurasolagun ekimen arrakastatsua Anoetan

Jon Miranda Labaien 2018ko ekainaren 20a

Ikasturteari amaiera emateko merienda egin zuten Kuku elkartean ostiralean eta ekimenean aritu diren lau lagunei 'Ataria'-ren urtebeteko doako harpidetza oparitu zitzaien.

Anoetako Udalak eta Tolosaldeko AEK-k, aurten lehen aldiz, Mintzalaguna-Gurasolaguna ekimena jarri dute martxan. Ikasturte hasieran, 14 lagunek eman zuten izena eta zazpi taldetan banatuta, euskara praktikatzen aritu dira azken hilabeteetan. «Astero ordubete hartu dute elkarrekin euskaraz hitz egiteko, norberak nahi izan duen moduan, kafea hartuz, edo paseatuz, adibidez», esan du Olatz Peñagarikano AEK-ko arduradunak.

Oinarrizko maila bat eskatzen diete euskara praktikatu nahi dutenei. Peñagarikanoren esanetan, «gurasoak, erretiratuak, gazteak, euskara ikasi izan dutenak eta utzita daukatenak dira izena eman duten gehienak». Askotariko anoetarrak, baina hori bai, guztiak emakumezkoak, bai euskaldun berrien eta baita haiei laguntzen aritu diren euskaldun zaharren kasuan.

Ikasturtean zehar, «talde giroa bermatzeko», ekitaldiak egin izan dituzte elkarrekin. Besteak beste, talo tailerra edo Alkizako Ur mara museora irteera egin dituzte. Ikasturte amaiera ospatzeko Kuku elkartean merienda egin zuten ostiralean eta proiektu honetan parte hartu dutenei eskerrak emateko, ATARIA-ren urtebeterako lau doako harpidetza banatu zitzaizkien euskara praktikatzen jarrai dezaten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!